Baztango Udaleko Berdintasun Batzordeak ‘Bestetan errespetuz bizi gara’ kanpaina sustatuko du aurten ere

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 6a, 15:20

Oihana Gallo berdintasun teknikaria, Maite Iturre berdintasun zinegotzia eta Koldo Uribe-Etxeberria Erratzuko alkatea, kanpaina aurkezten.

Herriko neska-mutiko gazteen artean banatzeko Indarkeria sexistaren aurkako gida argitaratu du Udalak eta ostatuetan ere kanpaina jarriko dute abian

Azkeneko lau urteetan bezala, Baztango Udalak aurten ere Baztango herrietako bestetan indarkeria sexista desagerraraztea helburu duen kanpaina jarriko du abian. Emakumeon aurkako indarkeriarekin akitzea, jendarte osoaren ardura da eta jendartean eman nahi ditugun aldaketak ere gure herriko aisialdi eremuetan eta herriko bestetan isla izan behar dute. Ekainaren 6an egindako prentsaurrean eman dute kanpainaren berri Oihana Gallo Berdintasun teknikariak, Maite Iturre Baztango Udaleko berdintasun zinegotziak eta Koldo Uribe-Etxeberria Erratzuko alkateak.

Baztango Udalak luzatutako deiari erantzunez, urtero Baztango herriek eta besta komisioek bat egin izan dute "Eta jaietan zer? Jaietan errespetuz bizi gara" kanpainarekin. Alde betetik besten kartel nagusian logoa txertatuz eta bestetik bestetan kartelak edo bestelako euskarriak zabalduz. Baina aurten, Berdintasun Batzordearen deiari erantzunez, kanpaina bestelako ekintzekin osatu nahi izan dugu.

 

Hauek dira Baztango Berdintasun Batzordeak 2016ko ekainetik urrira bitarteko bestetan sustatuko dituen ekintzak.

• Alde batetik,  Nafarroako Gobernuko INAIk, Nafarroako Berdintasunaren Institutuak, bultzatutako kanpainarekin bat egin du Udalak.  Eta jaietan... zer? Jaietan errespetuz bizi gara. Ezetza beti da ezetz da kanpainaren lema  eta herriko jaietan emakumeek jasaten dituzten sexu erasoen eta emakumeen jazarpenaren aurka herritarrak sentsibilizatzea du helburu. Irudi eta lemaren zabalpenerako gure herriko bestetako egitarauetan aurtengo logoa txertatzeko gonbitea luzatu diete herrietako besta komisioei.

• Bertzalde, aurten Baztango Udalak "Indarkeria sexistaren aurkako gida" bat ere argitaratu du eta herriko neska mutiko gazteen artean banatuko dira. 2.000 ale argitaratu dira eta bertan indarkeria sexista identifikatzeko gako batzuk emateaz gain, erasoen aurrean zer egin eta zenbait gomendio ere ematen dira.

• Baztango Ostatuetan eraso sexisten aurkako kanpaina bat ere jarriko da abian. Horretarako afitxa batzuk prestatu dira honako lemarekin: "Karrikak eta gauak denenak! Bestetan errespetuz bizi gara. Eraso sexistarik ez!" Ostatuetan modu ikusgarri batean jartzeko gonbidapena egingo zaie 45 ostatu baino gehiagori.

• Indarkeria sexistarik gabeko gunea. Elizondoko bestetan eta Baztandarrren Biltzarra egunean Indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko du Udalak. Gune hau, indarkeria sexistari aurre egiteko bitartekoak eskura dituen gunea litzateke eta herritarrak indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea du helburu.

Hortaz gain, honako helburuak ere ditu gune honek:

-Emakumeek bestetan indarkeri sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzea.

-Babes eta elkartasun gune bat irudikatzea eta indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituen erreferentzia gunea sortzea.

-Erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasoak duaden kasuetan erantzuna izango dutela ohartaraztea.

- Emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearaztea eta horretarako bitartekoak eta tresnak eskaintza.

-Maitasun errmonatikoaren eredua zalantzan jarri eta plazerean oinarritutako harreman osasuntsuak bultzatzea.

Gune honetan Emagin elkarteko bi formatzaile izanen dira momentu oro bertaratuei argibideak emateko asmoz.

Baztango Udala herriko bestak erasorik gabeko guneak izan daitezen lanean ari da eta indarkeria sexistaren aurrean jarrera aktiboa izateko deia luzatu nahi die herritarrei. «Baztandar guztien ardura da horrelako jokabideak ez onartzea eta bestak berdintasunean bizitzeko deia egin nahi dugu. KARRIKAK ETA GAUAK DENENAK DIRELAKO, BESTETAN ere ERRESPETUZ BIZI GARA» dio Udalaren oharrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun