1.707 baztandarrek parte hartu dute Aroztegiari buruzko herri galdeketan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko eka. 6a, 10:09

Erroldaren %28ak parte hartu du eta horietatik %82,8ak ezezkoa eman dio proiektu urbanistikoari

Maiatzaren 5ean Baztanen Aroztegiari buruz egin den herri galdeketaren inguruan balorazio positiboa egin du Aroztegia eta gero zer? Herri Plataformak: «Baztanek argi eta garbi erran dio ezetz Aroztegiako proiektu urbanistiko espekulatzaileari, ezetz erran dio inposizioari eta ezetz erran dio herri lurren ebaskoari. Ezetz erran dio landa eremua metropoli edo hiri handien zerbitzura jartzeari. Ezetz erran dio baztandarren artean pribilegioak sortzeari». 1.707 lagunek parte hartu dute herri galdeketan, erroldaren %28ak eta horietatik %82,8 proiektuari ezezkoa eman dio.

Honen aitzinean, Plataformaren erranetan, «Geroa Baiko gobernuak ezin du baztandarron aldarrikapenari bizkarra ematen segitu».

Kultura demokratikoaren inguruan Baztan mailan egin den lehenbiziko herri galdeketa izanik, gabeziak ere sumatu ditu prozesu honetan Aroztegia eta gero zer? Plataformak. «Espero dugu etorkizunean herritar gehiagok sentitzea horrelako prozesuetan parte hartzearen beharra eta garrantzia». Aldi berean, salatu nahi dute herri galdeketan parte hartzearen kontra egindako kanpaina: «Beldurra, mehatxuak eta galdeketaren zilegitasuna kolokan jarri nahi izan duten arren, zorionak parte hartu duzuen baztandar guztiei».

 

Emaitzak herriz herri

1.707 baztandarrek parte hartu dute herri galdeketan (erroldaren %27,68). Bozkatu dutenen artean, 1.414 egitasmoaren kontra agertu dira (%82,84), 247k baiezkoa eman dute, 40 boto txuri eta 6 baliogabeak izan dira.

Lekarozen bertan, 105 ezezko, 6 baiezko eta 2 botu txuri edo baliogabe izan ziren.

Elizondon, 577 bizilagunek bozkatu zuten, 471k ezezkoa eman zuten, 93k baiezkoa eta 13 boto baliogabe edo txuri izan ziren.

Gainerako herriei dagokienez, Almandozen 16 ezezko eta baiezko bat; Amaiurren 81 ezezko, baiezko 1 eta 5 baliogabe/txuri; Anizen 41 ezezko, baiezko bat eta baliogabe/txuri bat; Arizkunen 117 ezezko, 13 baiezko eta txuri/baliogabe 1; Arraiozen 67 ezezko, 5 baiezko, eta 3 txuri/baliogabe; Azpilkuetan 26 ezezko, 21 baiezko eta 3 txuri/baliogabe; Berroetan 43 ezezko, baiezko 1 eta baliogabe/txuri 1; Elbeten 32 ezezko, 20 baiezko; Erratzun 152 ezezko, 5 baiezko eta 2 baliogabe/txuri; Gartzainen 31 ezezko, 12 baiezko eta baliogabe/txuri 1; Iruritan 111 ezezko, 30 baiezko eta 9 txuri-baliogabe; Oronozen 87 ezezko, 16 baiezko eta txuribaliogabe 1 eta Zigan 30 ezezko, 22 baiezko eta 3 baliogabe-txuri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun