Ekainaren 5eko herri galdeketan parte hartzeko arrazoiak eman dituzte herritako alkate eta junteroek

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 2a, 09:19

Hameka herritako alkate eta lau junteroek publiko egin duten idatzian

Batzar Nagusiko 11 herritako alkate eta lau junteroek publiko egin duten idatzi batean, baztandar guztiak datorren igandean, ekainaren 5ean Aroztegiako egitasmo urbanistikoari buruz eginen den herri galdeketan parte har dezaten animatzen dituzte eta horretarako 15 arrazoi ere ematen dituzte.

Amaiur, Azpilkueta, Arizkun, Erratzu, Elizondo, Lekaroz, Irurita, Arraioz, Oronoz, Berroeta eta Anizko alkateek eta Baztangoiza, Elizondo, Erberea eta Basaburuako junteroek izenpetutako idatziak bizka emateko 15 arrazoi ere azaltzen dituzte: «Lekarozko herriak hala eskatu duelako; Baztango Batzar Nagusiak eskatu duelako; proiektuaren eragin zuzena lekaroztarrek eta baztandarrek pairatuko dugulako; ondorioz interes zuzena eta zehatza dugulako; herritarren iritzia plazaratzeko modu eraginkorra delako; bozkatzaileak baino herritarrak garelako; gure iritzia beti inportantea delako; herritarren arteko eztabaidetan lagungarria delako; azken urteotan urbanismoan izandako ustelkeri kasuak herritarrengan sortutako deskonfiantza arintzeko manera delako; demokrazian sakontzeko manera delako; gaur egungo demokrazien ezaugarri bat delako; ordezkari politikoen eta herritarren tartea ttipitzen duelako; gure agintariekin komunikatzeko modua ere badelako; gure etorkizunarekin arduratsu bihurtzen gaituelako eta herri arduratsu bat garelako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun