Konpostak lorategietan duen eragina aztertzeko ikerketa egiten ari dira Baztanen

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 31a, 07:36

Elizondoko belardi batean egiten ari dira azterketa, bortz lursailetan banatuta.

Konpostak gure lorategietan duen eragina frogatzeko eta erabili beharreko kantitateak zehazteko Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean ari da Baztango Udala

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak elkarlanean eskaintzen duten “Ingurumen Agrobiologia” Masterra egiten ari den ikasle batek bere Master akabailako lana egiteko bertzeren artean Baztan aukeratu du. Lan honen helburua auzo konpostagailuetatik eratorritako konpostaren erabileraren dibulgazio-tresna erraz baten diseinua eta abiaraztea da eta lan honetan elkarlanean ari dira Baztango Udala eta unibertsitateko ikaslea eta lan taldea.

Elizondoko erdiguneko belardi bat aukeratu dute bertako belarraren hazkuntzan auzo konpostaguneetako konpostak duen eragina aztertu ahal izateko. Baztango Udalak Nafarroako Unibertsitatearekin elkarlanean egindako ikerketa honekin hondakin organikoak kudeatzeko konposta sistema bulkatu eta lorturiko azken produktu edo konpost honek gure baratze eta lorategietan duen eragina erakutsi nahi da.

Aipaturiko lorategian bortz lursail markatu dira eta hauetako lauetan konpost kontzentrazio ezberdinak bota dira. Hainbat hilabeteetan lursail hauetan haunditutako belarra moztu eta pisatuko da beharrezko ondorioak atera ahal izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun