Lekarozko Aroztegia proiektuaz

EH Bilduren erranetan Aroztegiko aferan baztandarrei entzuteko beldur da Geroa Bai

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 24a, 12:54

«Batzar Nagusiari eta bertako kideei buruz alimaleko mespretxua» erakutsi duela uste du eta herri galdeketako protokoloan mahai guztietan begiraleak izendatzeko aukera badutela azpimarratu du 

 

Joan den ortziralean Aroztegiko herri galdeketaren inguruan egindako ez ohiko batzarreko bozketan parte ez hartzeko Geroa Baik emandako arrazoiei erantzun die EH Bilduk ohar bidez. «Geroa Baik ez du baztandarren iritzia jakin nahi. Aroztegia inposizioaren bidez egin nahi du, lekaroztarrei eta baztandarrei kasurik egin gabe», dio EHBilduren idatziak.

Ekainaren 5eko galdeketa legezkoa dela ere garbi du EH Bilduk: «Geroa Baik, gobernu bezala berari zegokion galdeketarik ez egin eta orain, modu miserablean Batzar Nagusiarena ezbaian paratu nahi du. Batzar Nagusiak baztandarren iritzia kontutan hartzen du, eta hortaz galdeketa hau iritzi hori jasotzeko ariketa demokratikoa da».

2011n EHBilduren posizioari buruz bi gauza argitu ditu EH Bilduren oharrak: «Garai horretan ez zegoen EH Bildurik, Bildu baizik. Bertzalde, aktan agertzen denbezala, pleno horretan erran zena zera da: Lekarozek 2009an herri galdeketa egina zuen eta hori zen indarrean zena eta balio zuena. Halere, NaBaik galdeketarik nahi bazuen herritarren sinadurak ekartzeko erran zion orduko alkateak, eta horrela balitz, galdeketa egin eginen zela adierazi ere. Horixe izan zen  Bilduk babestu zuena. Aipatu behar da orduko NaBaik ez zuela sinadurik ekarri, bertzeak bertze, proiektua legez kontrakoa zela adierazi zutelako epaitegiek». 

Geroa Bai herritarrei irri egiten ari dela uste du EH Bilduk: «Eredu ekonomiko ustela nahi dute Baztanerako; krak egin duen pelotazoaren kultura berriz nahi dute, Baztan Valentzia bihurtu nahi dute. Eta, hori guztia baztandarrei pentsatzen dutena errateko aukerik eman gabe. Guk, Europako iparralderat begiratu nahi dugu, funtzionatzen duten landa-eremuetarat enplegua, jarduera ekonomiko dibertsifikatua, herritarren ongizatea, hezkuntza, kohesio soziala, iraunkortasuna… lantzen eta bilatzen duten ereduetara».

Azkenik, EH Bildu arras kezkaturik dago aldaketaren indarra omen den Geroa Baik baztandarrei ariketa demokratiko oinarrizkoena uko egitearekin. Geroa Baik Batzar Nagusian erran zituenak, «Batzar Nagusiari buruz eta bertako kideei buruz alimaleko mespretxua erakusten du. Bozketan ez parte hartu eta gero, gainera, galdeketari buruz susmoa hedatu batzarkideak ia tranpati bezala tratatuz».

Herri galdeketako protokoloan mahai guztietan begiraleak izendatzeko aukera badutela eta hori aprobetxatzeko erran dio EH Bilduk Geroa Bairi.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun