Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Baztango Geroa Bai-k, bozketari uko egin izanari buruzko arrazoiak eman ditu

Xorroxin irratia 2016ko mai. 21a, 09:49
Baztango Geroa Bai-k atzoko batzarrean, bozkatzeari uko egin izanaren arrazoiak eman ditu

Baztango Batzar nagusiak, Aroztegiako aferari buruzko herri galdeketa bat egitea onartu zuen atzoko ez ohiko batzarrean. Bertan, UPN-k eta Geroa Bai-k bozkatzeko aukerari uko egin zioten.  

Baztango Geroa Bai-k prentsa ohar bat plazaratu du, atzoko bozketan bozka emateko aukerari uko egitearen arrazoien berri emanez.Galdeketak Baztandarrei etsipena eta aurreikuspen faltsuak sor diezazkiokela deritzo, izan ere Geroa Bairen iritziz, baliteke galdeketa hau legala ez izatea eta ondorioz etorkizun batean  justiziak, batzar nagusiari ardurak eskatzea

Oharrean dio, Baztandarren iritzia aditzeko prest egonen direla beti  baina demokraziak bere arauak ditu eta hoiek betetzera derrigortuak daudela.

Bertzalde, 2011ko abuztuaren 25ean, baztango udaleko plenoak, EH bilduren bozkei esker, Aroztegiari buruzko galdeketa bat egitea baztertu zuela oroiterazi du..

Jadanik tramitatu den proiektu bat ezin dela gelditu dio Geroa Baik, eta indar guziak proiektu honekin sortuko diren erronkei aurre egitera bideratu behar direla .Bertzeak bertze bertako merkatariei ikastaroak eskeiniz eta bertako bizilagunak, proiektu honek sortuko omen dituen  lanpostuetarako  prestatuz.

Udaletxeko idazkariak  txostena babestu izanarekiko  desadostasuna ere azaldu du Geroa baik izan ere bailarako batzar orokorretako ordenantzetan, organismo honen betebeharrak agertzen omen dira eta bertan agertzen denez, honek ez du gai urbanistikoetan sartzeko eskumenik.

Akitzeko, herri galdeketarako deialdia luzatzeko moduari dagokionez, bere harridura azaldu du koalizioak, gaia  ez omen baita aintzinetik batzordeetan landu. Hortaz gain, deigarria omen da, bozketan, euren iritzia publikoki azaldu duten pertsonek parte hartzea. Geroa Bairen ustez ezin omen da denbora berean. epaile eta parte izan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun