Baztango 733 bizilagunek –hauteskunde-erroldaren %10a baino gehiago– Aroztegiari buruzko gatazkaren inguruko herri galdeketa egiteko aurkezturiko eskaeraren aitzinean, atzo arratsaldean burututako saioan, Baztango Batzar Nagusiak afera modu demokratikoan bideratzeko bitartekoak jartzea erabaki zuen, betiere gaiari arrazoizko aterabidea bilatze aldera. Horretarako, eta kalteturiko biztanlegoa entzuteari Nafarroako Gobernuak adierazitako itxikeriaren aitzinean, Batzar Nagusiak proiektu polemiko honen inguruan baztandarrek duten iritzia jasotzeko parte-hartze ariketa abiatzea erabaki du.
Zentzu honetan, herri galdeketa ez erreferendarioa egitea onartu zuen maiatzaren 20ko ez ohiko batzarrean 23 aldeko bozka, abstentzio bat eta Geroa Bai (2) eta UPNren(4) bozkatzeari uko egitearekin. Atzoko Batzarrean onarturiko eta laster udal webgunean argitaratuko den protokoloaren arabera, Baztango bizilagunek honako galdera honi erantzun ahal izanen diote: “Ados zaude Lekarozko Aroztegia eremuan 228 etxebizitza, hotela eta golf zelaia biltzen dituen egitasmo urbanistikoarekin, BAI ala EZ?”
Egun batzuen buruan Batzar Nagusiak onarturiko protokoloaren xehetasun teknikoak ezagutaraziko ditu.