Baztango paisaia eta etnografiari buruzko liburua aurkeztu du Pello Iriartek

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko maiatzaren 20a

Pello Iriarte egilea, Florentino Goñi zinegotziarekin eta Joseba Otondo alkatearekin, aurkezpenean.

Prentsaurreko aurkezpenaren ondotik, ortziral arratsean eginen du jendeaurrekoa, Puriosenean, Museoen Nazioarteko Egunaren harira

Pello Iriarteren ‘Baztan paisaia eta etnografia’ liburua  aurkeztu dute maiatzaren 19an Balleko Etxean. Bertan Pello Iriarte egilea, Florentino Goñi zinegotzia eta Joseba Otondo alkatea izan dira. Liburua Baztango liburudendetan eta Iruñeko Xalbadorren erosten ahalko da 20 euroan. Bertzalde, museoen nazioarteko egunaren harira, maiatzaren 20an, ortziral arratsaldeko 7etan Elizondoko Puriosenea museoan herritar guztien aitzinean eta museoan ibilbidea eginez liburua aurkeztuko du.

 

 

 

Ortzegun goizeko aurkezpenean, Joseba Otondo alkateak aipatu zuenez, «azkeneko aldian landa garapenari buruz tokiko ondareak garrantzi berezia hartu du. Pello Iriarteren liburu hau, hain zuzen, ondareaz ari da; paisaia eta etnografia ondarez, zeina, aldi berean, komunitate zehatz baten harreman sozialen emaitza baiten, Harreman sozialak erraten ditugularik ekonomiaz, sozietateaz, antolaketaz ari gara. Hala, kasu honetan, Baztango komunitatearen bilakera historiko baten emaitzaz ari gara eta bilakaera hori paisaian eta etnografian nola ematen den». 

Alkatearen erranetan, «hau aise ulertzen da Baztango landak noiz eta zergatik belaitu ziren aztertzen badugu. Esne-industriaren hedapenak, esnetako behien hedapena ekarri zuen eta horrek, neurri batean landen belaitzea. Hala, paisaiaren aldaketa ekonomia aldaketen eskutik heldu da eta horiek prozesu sozial eta kulturalak dira». 

Alde horretatik, Pello Iriarteren liburua nahiz gibelerat begiratu aski modernoa da, landa garapenari buruzko ikuspegi berri horiekin bat egiten baitu eta, batez ere gibelerat begiratuta eta hortik ikasita, etorkizunari buruz ari baita: tokiko eta landa garapenaz. «Gainera Baztango paisaia eta etnografia ulertzeko alimaleko sintesi lana egin du eta, hori guztia euskaraz. Aipatutako guztiak aski arrazoi dira Baztango Udalak liburu hau argiratzeko, eta hala egin dugu», adierazi zuen Joseba Otondok.

 

Baztango paisaia kulturala

Pello Iriarte egileak, liburu egiteko prozesua azaldu zuen. «2002an, Baztango Museoan lanean nengoelarik, etnografia bildumaren katalogazioa egiten hasi nintzen. Lan hau bukatu ezinik gelditu zen, baina 2010ean bukatu ahal izan nuen. 2013an, Maitane Maritorenak, Baztango Udaleko Euskara eta Kultura zinegotzia izan zenak, Baztango Museoko etnografia bildumaren katalogoan agertzen ziren piezen testuingurua falta zela ikusita, katalogazio hori osatuago argitaratzeko proposamena egin zuen Kultura batzordean».

Bertan, Baztango etnografiari loturik dauden hainbat gai lantzea adostu zen: Baztango paisaia kulturala. Baztango paisaiari eta etnografiari buruzko liburu honek helburu ezberdinak bete nahi dituela aipatu zuen egileak: «Alde batetik, Baztango paisaiarekin eta etnografiarekin zerikusia duten bertako euskal hitzak bildu, jakinki gero eta hitz gehiago galtzen ari direla. Eta bertzetik, Baztango paisaiarekin eta historian zehar egon diren bertako bizimoduen artean dauden loturak aztertu eta sortutako paisaia eta kultura ondareari balioa eman».

Baztango paisaia kulturala gai nagusiarekin lotura anitzeko gaiak aipatzen dira liburu honetan: Baztango natura ondarea, Baztango antolamendua, Baztango etxea, Baztango folklorea... Lan hau garatzeko iturri ezberdinak erabili ditu Iriartek: «Lekarozko ikastetxeko fraideak egindako idazkiak, bertako ikerlarien lanak... baita elkarrizketak egin izan behar ditut bertako jendearekin: nekazariekin, abeltzainekin, artisauekin... gaur egun bertako paisaia kulturala zaintzen duen jendearekin, hain zuzen. Jende honi guziari eskerrak eman nahi dizkiot. Bertze aldetik, eskerrak eman nahi dizkiet Maitane Maritorenari, Paula kasareseri eta Paskual Rekalderi, baita Udaleko Eskara zerbitzuari, beren irizpide eta laguntzarengatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun