Geroa Baik zenbait ekarpen sartu ditu Baztango Udal aurrekontuan

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 12a, 07:42

Elizondoko plazan hobekuntzak eta Arizkunen autobus geltoki bat, bertzeak bertze

Baztango Geroa Baik Udaleko gobernu taldearen aurrekontuak onartu ditu, EH Bildu eta Baztango Ezkerrarenak alegia, idazketa berrian Geroa Bairen udal taldeko hiru ekarpen sartu ondoren. Elizondoko plazako eraikinean hobekuntzak, Arizkunen ikasleentzako autobus geltoki bat eraikitzea eta Erratzun kontainerren tokialdatzea eta haiek taulekin ezkutatzea dira ekarpenak.

 

«Aurrekontuen idazketa berriak 30.000 euro aurreikusten ditu Elizondoko plazako eraikineko lanak hasteko. Aurrekontu eskasa da eta datozen jardunaldietan bertze aportazio batzuekin osatu beharko da, baina espero dugu ez dadila asmo hutsean geratu eta gobernu taldeak lanak akitzea seriotasunez har dezan», azpimarratu du Baztango Geroa Baik.

Koalizioaren udal taldeak azaldu du eraikin hau Turismo Bulego, Bake Epaitegi, Kultura eta Kirol alorraren bulego eta ekitaldi zibilak egiteko aretoa barne edukitzeko proiektatu zela, bai eta Nortasun Agiriaren behin behineko bulegoak bertan egoteko ere edo Irache Kontsumitzaileen Elkartearenak. «Horregatik nahitaezkoa deritzogu eraikina hobetzea eta egokitzea espazioak libratzeko, gaur egun bere jarduera mugatua baitute, eta udal artxiboari toki gehiago emateko, balio historiko handia baitu eta bere antolaketa eta kontsultarako toki gehiago behar baitu Udaletxean bertan», baloratu du Baztango Geroa Baik.

Baztango Geroa Bairen beste bi proposamenak direla eta, udal taldeak ziurtatu du 5.000 euroko bi partida direla eta Arizkun eta Erratzuko alkateen eskariei erantzute dietela: ikasleentzako autobus geltoki bat eraikitzea eta kontainerren tokialdatzea eta hauek ubikazio taulekin kokatzea.

Baztango Geroa Baik azaldu duenez gainera, aurrekontuak onartzeko Osoko Bilkuraren porrotaren ondoren, koalizioak kontuen egoera desblokeatzeko lanean aritu da; «oposizio eraikitzailea egiten saiatzen ari gara eta ulertzen dugu aurkeztu ditugun proposamenak onak direla baztandarrentzat. Betorik gabe lanean jarraituko dugu eta, nahiz eta gure aldetik landutako proposamen guztiak aurrekontuan sartzea posible izan ez den arren, gure eginahal osoa jarriko dugu etorkizunean aurrera atera ahal izateko».

Baztango Geroa Bairen udal taldeak gainera argitu du apirileko Osoko Bilkuran «inoiz ez zela aurrekontuak blokeatzeko nahirik egon, pertsona batzuek ikusiarazi nahi izan duten moduan eta gobernu taldeak esan zuen moduan». «Aurkeztu genuen zuzenketa onartu ondoren, gobernu taldeak aurrekontuei Nafarroako Administraritza Auzitegian helegitea jartzeko bere asmoa iragarri zuen. Horregatik ez genuen aurrekontuen aldeko botoa eman nahi eta kontuen egoera blokeatzera arriskatu, Udalak aurrekontu luzatuekin lan egitera behartuko genukeelako eta hori baztandarren kalterako izango baitzen», nabarmendu du Geroa Baik.

Udal taldeak gainera deitoratu du EH Bildu eta Baztango Ezkerraren gobernu taldeak ez lukeela aldez aurretik akordio onargarri bat negoziatuko apirileko Osoko Bilkuran gertatutakoa bezalako egoerak ekiditeko. «Espero dugu hemendik aurrera egoera aldatzea, eta apiriletik hona gobernu taldeak edukitako jarrera negoziatzailea Udaleko erabaki gehiagotara hedatzea. Konbentzituta gaude lan egiteko modurik onena, alderdi guztien artean modu parte hartzailean egitea dela, kontsentsu eta akordioaren bitartez», akitu du Baztango Geroa Baik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun