Aurtengo aurrekontua 7,8 milioi eurokoa izanen da. Azkeneko urteetako gastu arruntaren egitura mantendu da eta inbertsioen atalean aipagarrienak Amaiurko ur-deposituko lanak (208.050 euro), 2014ko uberroek kaltetutako hiru bideren konpoketa (33.240) Gartzain eta Arizkungo eskoletako lanak (30.000 euro bakoitzean), hiltegiko lanak (17.000 eta 13.000 euroko bi kontusail), mendilanak (155.000) e.a. Geroa Bairekin aurrekontuak onartzeko negoziazioen ondorioz Elizondoko plazako eraikinerako 30.000 euro ere bideratu dira.
Aurtengo aurrekontuei buruz, Egonkortasun legea dela eta, udalak 86.000 euro kontingentzietarako bideratu beharko ditu, hau da, nahiz diru-sarrera gehiago izan, diru hori ez du gastatzen ahalko eta, horregatik, aipatu kontingentzien atal berrirako bideratu beharko du.
Bertzalde, oinordetzan hartutako zor handia ttipitzeko aitzineko legealdian lan handia egin ondotik, udaleko kontuak gero eta bideragarriagoak dira, aurten zorra %80koa baita; 2010ean legeak gehienez finkatutako %110 gainditu zen, %135rat ailegatuz. Hala, iaz bezala aurten ere zorra kitatzeko 600.000 euro inguru erabiliko da.
Gainerakoan udal aurrekontuen barnean, udalaren erakunde autonomoetako kontuak onartzen dira, Ikastolarena eta zahar etxearena. Lehenaren aurrekontua 669.000 eurokoa da (udalaren kontu 45.000 euro) eta bigarrenarena 119.125 euro.
2016ko aurrekontuei hasierako onespena eman ondotik, ondoko asteetan 2015eko kontuak hetsiko dira eta soberakin horretatik Lekarozko eskola berriaren lanak eta zahar etxeko sukaldeko lanak eginen dira.