Joseba Otondo alkateak onuradunen berri ematerakoan aipatu zuenez, «Baztan ikerketagai duten ikasketa akaberako lan eta proiektuak diruz laguntzeko apostua, gazteak beren ikasketekin Baztanen alde inplikatzeko eginahala da. Baztango garapen sozial, ekonomiko eta kulturalari buruzko begirada berriak eta haize freskoa behar ditugu eta, horretan, baztandar gazteek zer egin handia dute. Etorkizuna beren eskutik heldu da eta, horretarako, udalak ere eskua eskaini behar dielakoan gaude».
Baztan ikerketagai duten ikasketa akaberako lan eta proiektuak diruz laguntzeko deialdia hau Nafarroa mailan aitzindaria dela uste du Udalak eta, aurtengotik hasita, urtero errepikatu nahiko lukete. «Lehendabiziko deialdi hau pixka berant egin bada ere, ondoko urteetan azaroa-abendurako egin nahiko genuke. Aurten 500 euroko lau laguntza banatu nahi genituen, baina hiru bakarrik aurkeztu direnez, hiru bertzerik ez dugu banatuko» aipatu du Joseba Otondo alkateak.
Deialdia arautzeko oinarriak finkaturik laguntzak emateko epaimahaia bildu zen, zeinean Elizondoko lanbide eskolako eta Lekarozko ikastetxeko zuzendaria, Garalurreko teknikaria, udaleko idazkaria eta alkatea baitzeuden. Aurkeztutako proposamen guztiek guttieneko kalitatea zutela erabakirik, hiruei laguntza bana ematea erabaki zen. Lanak akitu ondoan, udalaren laguntzarekin norberaren herrian aurkezpen solasaldiak eginen dira.
Onuradunak
Modu horretan, aurtengo onuradunak hauek dira:
Alaitz Arretxea, Enpresen administzrazio eta zuzendaritzako ikaslea NUPen. Aukeratutako gaia: Turismoaren eragina piriniotako haran baten ekonomian: Baztan
Oihana Otxandorena, Antropologiako ikaslea EHUn. Aukeratutako gaia: Tradizioa eta generoa: Baztango mutildantzak
Josune Berho, Artearen Historiako ikaslea EHUn. Aukeratutako gaia: XVII.-XVIII. Mendeetako Baztango goi-mailako etxebizitza tipologia
Aurten aurkezturiko gaiek, Udalak hasieratik bilatzen zuen aniztasun hori ederki erakusten dute: ekonomia, gizartea, kultura... ukitzen duten ikerketa proiektuak dira eta, horrek, gure landa-eremuari buruzko begirada konplexu eta anitza eraikitzen lagunduko du.
Deialdi hau ondoko urteetan errepikatzen den neurrian, Baztani buruzko baztandar gazteen ikerketa eta lanak ugarituko dira. Horrek, alde batetik, «gure burua ezagutzeko gero eta aukera handiagoa emanen digu eta Baztani buruz interesgarriak izan daitezkeen proiektuak garatzeko aukera ere bai», erran zuen alkateak. Bertzalde, baztandar ikasleendako beren herria arretagune akademiko bezala ezartzen lagunduko du eta herriari buruzko konpromisoa modu batean edo bertzean elikatzeko balioko du.