Musikaz, dantzaz eta kantuz bete dira Baztango bazterrak asteburu honetan

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 3a, 09:21

Abesbatzekin eta, batez ere, Porrotxekin gustura ibili ziren ttikienak larunbat eguerdian Elizondon kantu eta dantza jiran.

Larunbatean, kantu eta dantza jira izan zen Porrotx eta hainbat abesbatzarekin Elizondon eta abesbatzen topaketa Erratzun eta igandean Amaiur Gazteluan kantuz jaialdia 

Kantua eta musika maite dutenek asteburu egokia izan dute Baztanen. Maiatzaren 1ean, Amaiur Gaztelua kantuz jaialdia izan dute Amaiurren. Bezperan, Porrotx eta hainbat abesbatzarekin kantu eta dantza jira egin dute eguerdian Elizondon eta arratsaldean, Abesbatzen topaketa kontzertua Erratzun.

 

Larunbat eguerdian Elizondoko Merkatuzelaitik abiatuta kantu eta dantza jira egin dute, Porrotx eta hainbat abesbatzaren partehartzearekin, batez ere ttikienen gozamenerako. Zehazki, Gaztelua Abesbatza, Elizondoko Abesbatza Ttikia, Baztango Xulubitariak, Baztandarrak dantza taldea eta fanfarrea, Baztandarren Biltzarra, Baztango ikastetxeak eta Baztango Udala izan ziren laguntzaile. Herrian barrena kantu eta dantza jira egin zuten, Kerizu beretik elkartea, eta Hondarribiko Olagarro, Zarauzko Montetxio eta Lasarte-Oriako Xumela antolatua. Arratsaldean, Abesbatza hauek Erratzuko elizan bildu eta kontzertua eskaini zuten Amaiurko Gaztelu abesbatzarekin batera.

Maiatzaren 1ean, igande eguerdian Amaiurko plazatik abiatuta Amaiurko Gazteluan kantuz jaialdia egin zuten Kerizu beretik elkarteak eta Olagarro, Montetxio eta Xumela abesbatzek. Amaiurko herriak eta Gaztelu abesbatzak lagundu dute ekitaldi hau antolatzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun