Baztango Udaletxean egindako osoko bilkuran aurrekontuak hizpide izan zituzten apirilaren 28an. Baztango EH Bildu eta Baztango Ezkerrak, udal gobernu taldea osatzen duten alderdiek, prestaturiko aurrekontua aurkeztu zuten. Kalapita dexente izan zen. Izan ere UPN, Geroa Bai eta Baztan Auzolanean taldeek, elkarrekin, aurrekontuei hainbat aldaketa proposatzen zituen emendakin bat aurkeztu zute eta hori izan zen bozkatu zena.
Hasmenta batean, emendakin horien artean Xorroxin Irratia, Xaloa Telebista eta Ttipi-ttapa aldizkariari ematen zaien dirulaguntzak %33 inguru murriztea aurreikusten zen. Dena den, atzoko osoko bilurarako erretiratu zuten.
Ortzeguneko osoko bilkuran, aurrekontuak aurkeztuta emendakinei buruzko txosten bat osatu zuen kontuhartzaileak. Kontuhartzaileak ohartarazi zuen emendakinean, puntu batek legehaustea suposatzen zuela, legeak debekatu egiten zuela puntu hori horrela onartzea, defizitarioa zelako. Giltxaurdi kirol instalazioko aurrekontuei buruzko puntua zen. Bertze puntu batzuk ere zalantzazkoak suertatzen zirela ohartarazi zuen. Emendakina zegoen bezala onartzen bazen, kontuhartzaileak errekurritu eginen zuela jakinarazi zuen. Ohartarazpena baztertuta, UPN, Geroa Bai eta Baztan Auzolanean taldeek emendakinarekin aitzinet jarraitzea erabaki zuten eta hala egin zen. Oposizioaren aldeko bozkekin eta udal gobernu taldearen kontrako bozkekin emendakina onartu zen, honenbertzez, aurrekontu proiektuari gehitu zitzaion.
Honen harira, idazkariak ohartarazi zuen aurrekontu proiektu hori ezin zela juridikoki onartu, defizitarioa zelako. Emendakinak aurrekontuari defizita ekartzen ziola ohartarazi zuen.
Ohartarazpen horren ondotik, emendakina barne zuen aurrekontua bozkatu zen. Alderdi guztiek kontra bozkatu zuten, UPN izan ezik. UPN abstenitu egin zen.
Honenbertzez, aurrekontuak gibelat bota zituzten.
Baztango EH Bilduk Aurrekontuak gaitzat hartuta urjentziazko batzarra deitu du astelehenerako. Maiatzaren 2an 19:30ean Arizkunenean izanen da EH Bilduk deituriko herri batzarra.