Nafarroako Mendialdeko 78 establezimenduk Kalitatearen aipamena jaso dute Zigan

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 29a, 07:34

Ziurtagiria jaso zuten batzuk, Zigako Etxezuria landetxean.

Tartean, eskualdeko 28 daude eta horietatik Donamariako Benta ostatua eta Narbarteko Lakoizketa landetxea dira berriak

"Jarduera Onen Eskuliburua" (JOE) kalitate turistikoko aipamena emateko ekitaldia apirilaren 22an egin zuten Zigako Etxezuria landetxea. Aipamena 2015ean kalitatea kudeatzeko JOE  sistemaren alde egin duten 78 establezimenduk jaso dute. Jarduera Onen Eskuliburuak izeneko markak turismo-kalitaterako erreferente izan nahi du. Diplomen banaketan egon ziren Maitena Ezkutari, Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza zuzendari nagusia, Cederna-Garalurreko Amaia Ekisoain presidente ordea eta Ibon Mimentza de Irala zuzendari-kudeatzailea eta Joseba Otondo Baztango alkatea. Aipamena jaso duten 78 establezimenduetatik 16 berriak dira eta bertze 62k berritu egin dute lehendik zutena.

 

Eskualdeko 28

Bereizgarria jaso duten eskualdeko establezimenduak 27 dira, horietatik bi berriak: Donamariako Benta ostatua eta Narbarteko Lakoizketa landetxea. Horietaz gain, Donamariako Benta jatetxea (Donamaria), Zugarramurdiko Lezeak, Zugarramurdiko Sorginen Museoa eta Zugarramurdiko turismo Bulegoa (Zugarramurdi), Urdazubiko Lezeak eta Irigoienea landa-ostatua (Urdazubi), Zigako Etxezuria landetxea (Ziga), Casa Ostiz denda eta Alustiza lurrin-denda (Doneztebe), Elbeteko ostatua eta Elbetea jatetxea (Elbete), Tresanea apartamentuak (Ituren), Jauregia I eta II landetxeak (Aniz), Santxotena parke-museoa, Gontxea eta Lizardiko Borda I eta II landetxeak (Arizkun), Baztan Museoa, Urruska landetxea eta Ipingi arropadenda (Elizondo), Kattagorri denda eta Atxaspi hotela (Lesaka), Zubietako errota (Zubieta) eta Elgorriagako hotela eta bainuetxea (Elgorriaga).

JOE sistemak aukera ematen die turismo-arloko enpresetako eta zerbitzuetako arduradunei arian-arian kalitatearen kulturan murgiltzeko. Horren emaitza honako hau da: bezeroaren gogobetetasuna areagotzea, bezeroaren fidagarritasuna areagotzea, langileen trebakuntza hobetzea, eraginkortasuna eguneroko lanean, eta "Nafarroako Mendialdea" turismo-xedearen irudi ona.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun