Baztango BKT emakumeen eskubaloi taldea Nafarroako ligako txapeldun

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko api. 26a, 13:11

BKTko neskak, entrenatzaile eta laguntzaileak kontent, Nafarroako liga irabazi ondotik.

Larunbatean finalerdia irabazi ondotik, Loyolaren kontrako finala 21-22 irabazi zuen

Eskubaloian, emakumeen senior mailan, Nafarroako lauko finala jokatu du asteburu honetan Baztango BKT taldeak Atarrabian, baita irabazi ere ustekabean. Larunbateko lehen partidan, 7 goleko errentarekin, 23-16 irabazi zieten baztandarrek Suministros Monjardin Lizarreria taldeari. Final handian, berriz, lehia estua izan zuten eta partida gehiena azpitik joan ondotik, 9 segunduren faltan lortu zuen BKTk garaipenaren gola (Loyola 21 – Baztango BKT 22). 

 

Aipatzekoa da Loyolak hasierako fasean lehenbizikoa izan den eta etxean jokatzen zuen Atarrabiako Beti Onak taldeari irabazi ziola finalerdian eta animoz gainezka heldu zela finalera.

Ez da liga xamurra izan baztandarrentzat. Enrique Petrirena entrenatzaileak aipatu digunez, hasierako fasean lesio ugari izan dituzte eta partida aunitz jokalari guttirekin jokatu behar izan dituzte. Halere, «jokalariek bukaerara bitarte borrokatu dute eta merezitako saria jaso dugu azkenean, zoriontzekoa da». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun