Bozketarat ailegatu orduko eztabaida luzea eman zen. Joseba Otondo batzarburuak gaia bideratzeko modurik zentzuzkoena, logikoena eta demokratikoena herri galdeketa egitea zela erran zuen. Ruben Ziganda Geroa Baiko ordezkaria galdeketaren aukera ezbaian paratu zuen, nahiz Geroa Bai galdekataren alde beti egon dela ere argudiatu, azkenean, galdeketaren aurkako bozka bakarra emateko. Galdeketaren bideragarritasunari buruz sortu zen eztabaidan Karlos Beristain batzarkideak Geroa Bairi, galdeketaren kontrako beren posizioa ezin zurituz ibiltzea egotzi zion.
Bertzalde Miren Meokik Lekarozko alkateak bertze idatzi baten bidez, herriak Aroztegiko proiektuari buruz hartu zuen erabakiaren berri eman zuen Modu horretan, 2009. urtean herrian Aroztegiko birkalifikazioari buruz herri-galdeketa egin zela oroitarazi zuen eta gehiengo handia kontra agertu zela. Halaber, aurtengo otsailaren 19an herriko batzarrak Aroztegiko udalez gaindiko sektore plana gelditzeko eta Baztan mailako herri-galdeketa egiteko erabakia hartu zuela jakinarazi zuen.
Azkenik, Aroztegirekin loturik ere, Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko sektore plana gelditzeko Batzar Nagusiak egindako eskariari urtezahar egunean ezetz erran ondotik, batzarkideen gehiengoak, ortziralean, Nafarroako Auzitegi Nagusirat jotzea eta udalez gaindiko sektore plana errekurritzea erabaki zuen.