Hasteko Lorentzo Sarratea elizondorra eta Lorea Areta Euskal Xerriari buruz aritu ziren. Lorentzo Sarratea euskal xerrien hazlea da, Lorea Areta berriz Euskal Xerria elkarteko teknikaria. Euskal Xerri elkartean hazleak, transformatzaileak, hiltegia... daudela erran zuten eta, bertan, produktuaren garapenari buruzko ildo nagusiak adosten dituztela. Bertzalde, Belaun kooperatiba dago zeina euskal xerri produktuen elaborazio eta salmentaz arduratzen baita. Orain gutti Kintoa izeneko sormarka egin dute baina administrazio desberdinen trabak tarteko, azkenean ezin izan da mugaz gaindikoa izan. Euskal Xerriaren merkaturatzeari buruz elkarteak saltoki handietan ez saltzeko erabakia hartua duela erran zuten.
Maskilu kontserbei buruz Gorka Menendez mintzatu zen. Zeberioko udalak abiaturiko proiektua dela jakinarazi zuen. Eraikin publiko bat prestatu ondotik kontratu baten bidez talde desberdinek osatzen duten elkarteari utzi zion. Elkarteko kideek kontserbak egiteko autoklabe makina erosi behar izan zuten. Kontserbategia bazkideek eta bazkide ez diren bezeroek erabiltzen ahal dute eta, kontserbei erregistro sanitarioa ematen die, hortaz, baratzegintzan aritzen direnendako arras erabilgarria da. Menendezek aipatu zuenez elkarteko taldeek ikuspegi agroekologikoarekin lana egiten dute eta bera kide den Autonomia Komunala taldeak, merkatu ekonomia gainditzen duten proiektuetan aitzinatu nahi du.
Gainerakoan Oibarreko Victor Ibero Mendikoa upategi ekologikoari buruz aritu zen. Zerotik hasitako proiektua izanik poliki-poliki mahastiak eskuratu behar izan zituen eta proiektu guztia abiarazi. Ekoiztea erreza dela erran zuen, zailena merkaturatzea dela. Beraiek ahalik hurbilen merkaturatzen saiatzen direla erran zuen bezero aunitzen bidez, bakar baten menpeko izan behar gabe. Landa-garapenerako inoiz baino sos gehiago badago ere, landa.garapena nekazarien galera ekartzen ari dela erran zuen.
Akitzeko elikagaien eraldaketa eta merkaturatzean dauden arazoei buruz solastatu ziren. Aitor Azkarate Anizko Jauregikoak erronka nagusiak finkatu zituen: sanitateko baldintzen malgutzea, merkaturatzeko sistema berriak lantzea eta burokrazia arintzea. Ez dela gauza bera ustiategi ttiki bat edo esportatzen aritzen den handi bat adibidez. Nafarroako Gobernuko Agustin Poblador animali ekoizpen zerbitzuko burua, estatu bakoitzak Europako arauak moldatzen ahal dituela erran zuen. Haatik, Espainiako Estatuan modurik gogorrenean arautu dutela erran zuen eta orain oilaskoei buruz guttienez, zerbait aldatzea aztertzen ari direla, baina gaiak luze joko duela. Juanma Intxaurrandieta INTIAko gerente berriak, bertzalde, elkarte publiko honek apiriletik eraldaketatarako eta merkaturatzeko programa abiaraziko duela erran zuen eta Garalurreko Marian Zestauk berriz, proiektuak garatu ahal izateko erakunde desberdinei irizpideak eta prozedurak bateratzea eskatu zien.