Baztan Ikastolak Oinez Basoa inauguratu du

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko api. 4a, 08:36

Oinez Basoaren inaugurazioa egin zuten apirilaren 3an Gainekola inguruan.

Iaz Nafarroa Oinez antolatu zuen ikastolak karpe eta loro espezie babestuekin basoberrituko du Gainekola herri lurra 

Apirilaren 3an, igande goizean, Otsondoko mendateko atseden gunetik Gainekolaruntz oinez abiatu ziren euskaren aldeko basoa ezagutzeko Baztan Ikastolako ikasle, guraso, ikasle ohi, irakasle zein Baztan Ikastolako lagunak. Behin Gainekolara iritsita, inaugurazio ekitalditxoa ospatu zuten. Lodosa eta Viana ikastoletako ordezkariak ere bertan ziren, Nafarroa Oinez 2016ko antolatzaileak direnak, NIEko ordezkariak, Baztango alkatea eta Nafarroako Ingurumen kontseilaria izan ziren. 

 

Ondoren Baztan ikastolako ikasleek Zuhaitz landaketa egin zuten, eta bertaratutako guztiek hamaiketako goxoa hartu dute baso berrian Otsondora bueltatu aurretik.

 

Bederatzi Hektarea

Bederatzi hektareako azalera basoberrituko du Baztan Ikastolak Gainekola herri lurrean eta bi landare mota babestuz osatuko du basoa: erramu portugaldarra edo loroa (Prunus lusitanica) eta karpea edo pago-lizarra (Carpinus betulus). Loroa Nafarroan harrapatzen ahal den toki bakarra Baztanen dago, Urritzate eskualdean. Eta Iberiar Penintsulan gutxitutako landarea da. Eta pago-lizarra, berriz, Pirinioetatik beheiti Iberiar Penintsula osoan, basa bakarrik harrapatzen ahal da Bortzirietan, Igantzi eta Arantza artean.

Baztan Ikastolarena Nafarroa Oinezek sortu duen bosgarren basoa da, 2008an Oinez Basoa abian paratu zenetik. Oinez ospakizunak ingurumenean kalte ekologikoak eragiten zituela ikusita sortu zen egitasmoa abiatzeko ideia. Izan ere, baliabide naturalak kontsumitu, hondakinak sortu eta berotegi-efektuko gasak isurtzen baititu bestak. Kalte ekologikoa orekatzeko asmoz, besta ospatzen zen tokian ingurumenarendako testigantza onuragarri bat uztea erabaki zen: naturgune autoktonoa birsortzea, euskararen eskutik sortuko zen basoa hain zuzen.

Erabaki hori hartu zenetik gaur egun artio, lau baso ezberdin sortu ditu Oinez Basoak: mendebaldeko baso bat Arbizun, baso mediterraneo bat Tafallan, ibaiertzeko baso bat Tuteran eta baso jangarria, hegazti basoa eta zabortegi eremua berreskuratzeko basoa Zangozan.

Erlazionatuak

Oinez Basoaren inaugurazioa

Ttipi-Ttapa 2016 api 04 Baztan

Baztango Oinez Basoaren inaugurazioa

Xorroxin irratia 2016 api 04 Baztan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun