Lekarozko Aroztegiako proiektuaz

Baztango Geroa Baik dioenez Aroztegiari buruz herri kontsulta ukatu dutenak EH Bildu eta Ezkerra dira

Alkatea ere kritikatu du, «etengabe bere interes pertsonala interes general bihurtzen ari baita»

Baztango Geroa Bai, Aroztegiako proiektua dela eta pankarta, ohar eta prentsaurreko bidez «jasotzen ari dituen presio latzak direla eta», gogorarazi nahi du EH Bildu eta Baztango Ezkerra izan direla gai honen inguruan herri kontsulta hirutan ukatu dutenak, egiteko aukera juridikoa zegoenean. 

Horrela, koalizioak gogorarazi du lehen aukera 2007-2011 legegintzaldian izan zela. Orduan, NaBaiko zinegotziek Baztan Bailarako bizilagunen artean gai honi buruzko herri kontsulta bat egitea proposatu zuten Baztango aukera propioen bidez, bere batzarrak eta Batzar Nagusia alegia; «egin nahi izan ez zen kontsulta bat», dio Geroa Baik ohar bidez.

Bigarren aukera Baztango Udaleko udalbatzan eman zen 2011ko abuztuaren 25ean: «NaBai2011ko zinegotziak Aroztegiari buruz herri kontsulta egiteko proposamena eraman zuen. Emaitza, Udaleko aktetan ikus daitekeen bezala, ezezkorra izan zen juxtu EH Bildu (5) eta Baztango Ezkerraren  (2) aurkako botoekin».

Bi alderdiek emandako hirugarren ezezkoa Udalak PSIS proiektua jaso zuenean eman zen, proiektuak bere baldintzen artean Herri Partaidetzarako Plan Publiko (HPPP) bat baitzuen. «Gobernu taldeak, dela ahazteagatik, interes faltagatik edo harrokeriagatik, edozein kasutan modu arduragabeaz, plan horretan parte hartzeari uko egin zion. Proiektua ez zen iragarki taulan ere jarri ez eta bizilagunei aditzera eman, bere betebeharra zen moduan, eta ez zen kontsulta bat egitea planteatu ere ez, nahiz eta HPPP aukera hori onartu», ziurtatu du Geroa Baik.

Baztango Geroa Bairentzat orain «espedientea itxita dago bai EH Bildu bai eta Baztango Ezkerrak ere itxi dutelako lau urtetan ezer ez egin ondoren». «Praktika demokratikoan batzuei ulertzea kostatzen zaien zerbait dago, segurtasun juridikoa alegia. Espediente administratibo bati hasiera ematen zaionean eta pauso guztiak amaierara arte zehatz-mehatz errespetatzen direnean, hura betetzea baino ez da gelditzen. Arauak ez dira gure banako interesen arabera dauden zeozer» defendatu du Baztango Geroa Baiko udal taldeak.

Zentzu honetan, koalizioak gogoratu du gainera «betebehar morala, etikoa eta legala dela alkateak bera buru duen udalbatzak hartutako akordioak ezeren gainetik defendatzea, Baztanen Aroztegia proiektuarekin betetzen ari ez dena alegia».

«Alkateak, Bailarako Batzar Nagusiko presidente moduan, Nafarroako Gobernuari eskakizuna igorri zion esanez egungo Udalak ez duela proiektua babesten. Bazekien gezurretan ari zela, udalbatza proiektuaren alde ugaritan adierazi baita. Ondoren, Udalbatzak behartuta, proiektuari Udalaren babesa helarazi zuen, agiriak iruzkin pertsonalak sartzeko baimena hartuz, argiki ilegala dela jakina den zerbait bai eta udaleko kideekiko sakonki desleiala», zehaztu du Baztango Geroa Baik.

Ildo berean, koaliziok ziurtatu du alkatea «ez dela proiektuaren hirigintza eta birpartzelazio proiektuaren konpentsazio batzordean aurkeztu, non baztandarren interesak defendatzeko egon behar duen», eta azpimarratu du ez diola udalbatzari iragarri Sustrai Erakuntza plataforma ekologistak proiektuari jarri dion helegitean Udala alderdi interesatu bezala aurkezteko aukera dagoenik.

«Gardentasunaz hizketan ahoa betetzen zaio baina praktikan udalbatzari informazioa izkutatzen ibili da, proiektuaren aurrean gehiengoaren jarrera ezagututa, Udalbatza helegitean aurkezteari beldurra baitio. Jazoera guzti hauek alkatearen kalitate demokratiko urriaren froga dira, etengabe bere interes pertsonala interes general bihurtzen saiatzen ari baita», kritikatu du Geroa Baik. 

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun