Asteburu Kulturala ospatuko dute Berroetan apirilaren 8 eta 9an

Ttipi-Ttapa 2016ko mar. 23a, 08:03
Joan den urtean giro ederra izan zen Berroetako Asteburu Kulturaleko afarian.

Argazki lehiaketarako lanak apirilaren 6rako aurkeztu behar dira eta gero ikusgai izanen dira

Apirilaren 8 eta 9an Berroetako Asteburu Kulturala ospatuko dute, egitarau zabalarekin. Asteburua baino lehen, argazki lehiaketarako deialdia ere egina dute eta apirilaren 6ra bitarte aurkez daitezke. Aurtengo lehiaketaren gaia natura da.

 

Lanak euskarri digitalean berroetakoherria@gmail.com helbide elektronikora edo inprimarutik (30x20 edo 20x15 cmko neurrian) Gure Ametsa elkarteko postontzian aurkez daitezke.

Berroetako herrian antolatutako Kultur Asteburuaren egitaraua apirilaren 8an, ortziral arratsaldean hasiko da haurrendako tailerrekin. Ilunabarren euskal film baten emanaldia eskainiko dute Hegoalde elkartean.

Apirilaren 9an, larunbat goizeko 9:30ean mendi bizikleta martxa eginen dute herriko inguruetan. 12:00etan paxaka izanen da, jokoari buruzko azalpena eta partida ttipi bat. 16:30ean xaboien erakustaldia, Elena Ezkurdia eta Elena Danborienaren eskutik. 19:00etan Saharan egindako bidaiaren aurkezpena eginen du Karlos Garaikoetxeak. 20:00etan argazki lehiaketako lanak ikusi eta sariak banatuko dituzte. Akitzeko, 21:00etan kantu zaharren afaria eginen dute, Santxotenak eta Pello Zabaltzak alaiturik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun