Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Apirilaren 23rako manifestazioa deitu du Aroztegia eta gero zer? Plataformak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mar. 14a, 08:20

Baztango Udalak eta Batzar Nagusiak herri galdeketaren prozedura martxan jartzeko sinadura bilketa eginen du

UGPSa gelditzeko eta herri galdeketa babesteko, apirilaren 23an Elizondon eginen den manifestazioan parte hartzeko deia egin du Aroztegia eta gero zer? Plataformak. Aldi berean, bai Baztango Udalak baita Baztango Batzar Nagusiak ere herri galdeketaren prozedura martxan jartzeko sinadura bilketa eginen du. 

Aroztegia eta gero zer? azkeneko hilabete eta erdian bilerak egin ditu, aldaketaren gobernua babesten duten taldeekin, zein tokiko administrazio erakunde ezberdinekin, «Aroztegiari buruz inposaketaren bitartez erabaki beharrean, Baztan mailako herri galdeketa lotesle baten bitartez erabakitzea aurkezteko helburuarekin».

UGPSa gelditzea Nafarroako Gobernuaren eskumena den heinean, bilera erronda gobernu hau babesten duten taldeekin abiatzea erabaki zuten. EHBildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdietako ordezkariek Plataformaren proposamenaren aitzinean adostasuna erakutsi zuten arren, «Geroa Baik jarrera hertsia eta zakarra erakutsi zuela» jakinarazi du Aroztegia eta gero zer? Plataformak. «Alde batetik, UPGSaren erabakiaren izaera politikoaren ukazioan tematuta jarraitzen zuen. Bertze aldetik Geroa Baiko ordezkariek, herri galdeketa egiteko mahai batean parte hartzeko prest zeudela zioten, betiere  Plataformak  aldez aurretik, publikoki Geroa Baiko Gobernuak UGPSari buruz erabakirik hartu ez zuela onartzen bazuen. Plataformatik erantzun zitzaion agian Geroa Bairentzat ohikoa izan zitekeela herritarrekin gezurretan aritzea baina Plataformak ez zuela horrelakorik eginen», adierazi du Plataformak.

Tokiko administrazioei dagokienez berriz, joan den otsailaren 25ean Baztango Geroa Baik Osoko Bilkuran premiazko mozioa sartu zuen. Mozio horretan Baztango Udala , Aroztegia…eta gero zer? Plataformak Sustrai Erakuntzarekin batera UGPSaren kontra jarritako helegitearen epaiketan, Gobernuak hartutako erabakia defenditzea eskatzen zuen. Plataformaren erranetan, «hau da, Baztango tokiko autonomia defenditu beharrean, baztandarren erabakitzeko eskubidearen kontra agertzea». Mozio honek aitzinerat egin zuen Geroa Bai, UPN eta Auzolanean udal taldeen aldeko bozkekin eta EHBildu eta Baztango Ezkerraren aurkako bozkekin.

Gauzak horrela, Plataformaren ustez nabarmen gelditu da «Geroa Baik herritarren nahia ezagutzeko eta errespetatzeko duen borondate eza. Erakutsi du, erosoago egiten zaiola kapitalismo neoliberala bulkatzen duten eta epaitegiek zigortutako enpresari iruzurgileen interesak inposatzea, Baztango gehiengo sozialaren interesak defenditzea baino. Erakutsi du baita ere, erosoago dagoela erregimenaren planteamendu eta erabakitzeko modu inposatzaileak errepikatzen, demokrazia parte hartzailea bulkatzen baino».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun