Batzorde sozioekonomiko bat sortuko du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2016ko mar. 11a, 12:31

Geroa Baik egindako eskaera onartu eta ingurumenarekin, merkataritzarekin, turismoarekin eta industriarekin harremana duten aferak eztabaidatuko dira

Baztango Udalak ekonomia batzorde iraunkor bat sortu du Geroa Baiko udal taldeak hala eskatuta, espazio horretan eskualdean eragina duen Ingurumenarekin (abeltzantza edo baso ustiapena), Merkataritzarekin, Turismo eta Industriarekin harremana duten aferak eztabaidatu eta bultzatzeko, bai eta alor horietan eskaintzen diren aukera ezberdinak lantzeko, eta, ahal bada, Nafarroako Gobernuari zuzentzeko.

«Jarduera ekonomiko urria, langabezia, lan prekarietatea, eskualdearen garapen eskasa eta despopulatzea direla eta dagoen egoera zaila eta bailarako bizilagunen kezka ikusita, oso beharrezkoa deritzogu ekimen hau, Udala bailararen jasangarritasunarekin eta etorkizunarekin konpromisoa hartzea bilatzen baitu», azpimarratu du Baztango Geroa Baik.

Udal taldearen iritziz, Udalak bailararen etorkizunaren alde eman beharreko lehen pausoetako bat da batzorde honen sorrera, nahitaezkoa baita «bizilagunen bizi kalitatearen hobekuntzan eragina izango duen garapen ekonomiko handiagoa lortzeko beharrezkoa den interes eta esfortzua» egitea.

Bertzalde, Baztango Geroa Baik aipatu duenez, «orain gutxi proposamen ugari atera ditu aurrera, hala nola Arizkunenean wifi-a instalatzea, Lanbide Heziketarako zentroekin hitzarmenak aire zabalean gimnasioak instalatzeko hauek bailaran integratuz edo Udalak hainbat errefuxiatu familia hartzea eskatzea, bertzeak bertze».

Batzar Nagusia dela eta, Geroa Baiko udal taldeak Mendi Garbiketa Plan bat eskatu du, bai eta bizilagunen eta Udala­ren artean piketeak banatzeko modua aldatzea. Orain arte erdi eta erdi bana­tzen zen, eta orain bizilagunek hartzen duten 5 piketeko, 3 izanen dira udalarentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun