Baztandarren Biltzarraren kartel lehiaketako lanak apirilaren 15erako aurkeztu behar dira

Ttipi-Ttapa 2016ko mar. 10a, 08:03

Uztailaren 17an eginen den bestarako kartel bila hasi dira.

Besta haundia uztailaren 17an ospatuko da Elizondon

Baztandarren Biltzarra. Baztanen eskuara barra-barra. Elizondon, 2016ko uztailaren 17an. Testu hori eraman beharko duen kartel lehiaketa abiatu du aurten ere Baztandarren Biltzarra Elkarteak. Apirilaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira lanak. Gisa hauetako lehiaketetan ohikoa den sistema erabiliz, egun horretan Baztandarren Biltzarra Elkartearen esku egon beharko dute. 

 

27,9x42 zentimetro izan beharko duten kartelak (A3) Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxera igorri beharko dira (Jaime Urrutia kalea, 1 solairua; 31700 Elizondo). Lehiaketa irekia eta zabala denez, partehartzaileek nahi adina lan aurkez ditzakete.

Sariduna, berriz, apirilaren 18tik aitzinerat emanen da ezagutzera. Kartel bakarra aukeratuko du epaimahaiak eta honek 600 euroko saria jasoko du Baztandarren Biltzarra egunean, uztailaren 17an, hain zuzen. Dena den, epaimahaiak kartelik ez aukeratzea ere erabaki dezake.

Bertzalde, aipatu, uztailaren 18tik aitzinerat, parte-hartzaileek beren kartelak berreskuratu ahal izanen dituztela antolatzaileekin harremanetan jarriz.

Edozein zalantzetarako baztandarrenbiltzarra@hotmail.com helbidera idatzi behar da. Baztango kultura bulegoa soilik lanak biltzeko puntua izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun