Baztango Bilgune Feministak elkarretaratzea egin du Emakumearen Egunean

Ttipi-Ttapa 2016ko mar. 9a, 14:49

Baztango Bilgune Feministak deitutako elkarretaratzea Elizondoko plazan.

‘Hau ez da gure bakea! Feminismoak egingo gaitu herri’ zioen pankartaren gibelean

Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Baztango Bilgune Feministak deituta elkarretaratzea egin zuten astearte arratsaldean Elizondoko plazan. Hau ez da gure bakea! Feminismoak egingo gaitu herri zioen pankartaren gibelean hainbat herritar bildu zen, tartean Baztan Balleko Etxeko alkatea eta zenbait zinegotzi. Euskal Herriko Bilgune Feministak idatzitako komunikatua ere irakurri zuten.

 

Emakumearen Eguna pasatu bada ere, aitzinera begira ere zenbait ekitaldi antolatuak ditu Baztango Udaleko Berdintasun Batzordeak. Honela, martxoaren 10a, ortzeguna izanen da otsailaren 29tik Arizkunenean zabalik dagoen Emakumeak. Afganistan Gervasio Sánchez eta Monica Bernabéren argazki erakusketa ikusteko azken eguna.

Martxoaren 16an, asteazken goizeko 11etan Futbolariak eta printzesak antzezlana eskainiko du Eidabe taldeak Iruritako Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean. Baztan Ikastola, Elizondoko eskola eta herrietako eskola ttikietako Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleek parte hartuko dute.

Martxoaren 17an Lekarozko Batxilergokoko 2. Mailako 62 ikaslek, Elhuyar Fundazioak sortutako Bizentaren lumak solas-jolas ekimenean parte hartuko dute. Jolasen bidez eta euskaraz, gazteen artean berdintasunaren aldeko jarrerak sustatzea da ekimen honen helburu nagusia.

Martxoaren 20an, igande arratsaldeko 7etan Kamikaz kolektboaren Euli Giro helduendako antzerkia ikusgai izanen da Iruritako Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean.

 

Hezkidetza tailerrak

Urtero bezala, azaroaren 25ean hasitako lanarekin segituz, Lekarozko institutuan eta Elizondoko Lanbide Eskolan Hezkidetza tailerrak egiten ari dira (martxoaren 3, 10 eta 17an Lekarozen eta martxoaren 14an Elizondon), Emagin elkarteko formatzaileen eskutik. Lanbide Eskolako 28 ikaslek eta Lekarozko 79 ikaslek parte hartu zuten azkeneko tailerretan eta oraingoan gaia gehiago lantzeko aukera izanen dute. Hezkidetza tailer hauek Emagin elkarteko formatzaileek eskainiko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun