«Seme-alabentzat funtsezkoa da gurasoek beraiekin duten lotura afektiboa ez dela eten sentitzea»

Diana Iniestak Erratzun du bere kontsulta.

Zaintza partekatuaren inguruko erreportajea kaleratu du TTIPI-TTAPAk aste honetako aldizkarian. Gaia gehiago sakonduz, Diana Iniesta psikologoari elkarrizketa egin diogu. Gurasoen banaketak haurren zenbait joakera desegoki eta desorekekin erlazio zuzena duela egiaztatu du.

 

Diana Iniesta psikologoak zaintza partekatuaren inguruko galderei erantzun die.

-Psikologoa zaren aldetik, zer kontatuko zeniguke zaintza-partekatuaz?

Nahi baino gehiagotan tokatu izan zait haurrekin kontsultan gaia lantzea. Jolas edo eskulanen bidez, ikaskuntzarekin edo afektibitatearekin lotutako jarrera desegoki eta desoreka batzuk gurasoekin lotura afektibo eskasa izatearen ondorio direla ikusi dut, baita familian afektibitate eta komunikazio falta  eta gurasoen artean harreman gatazkatsuak izatearen ondorio direla ere.

Agresibitatea, mututasun selektiboa, arreta arazoak, hiperaktibitatea... banaketa prozesu baten ondorio izaten dira aunitzetan.

-Gurasoak banandu eta zaintza landu behar izan duzun zein kasu eduki dituzu?

Zaintza tratatzeko kasurik ez dut izan. Baina banantze prozesuaren lehen etapan dauden gurasoen jarrerak kontziliatzen saiatu izan naiz, harremana eten ondotik gurasoei dolua lantzen lagundu diet, gurasoak banandu ondotik haurrekin lan egin izan dut edo gurasoei haurrak egoera berrira egokitzen laguntzeko aholkuak eman ere bai.

Zein ondorio eta erreakzio izan ditzake gurasoak banatzeak haurrengan?

Gurasoak banantzearen berehalako ondorioa seme-alabek errealitate ­berri batera egokitu behar dutela da: gurasoetako baten hurbiltasun fisiko eta emozionala galduko dute, bikotekideetako batek familia ingurua behin betiko utziko baitu. 

Aunitzetan, banaketak gurasoen arteko tentsio emozionalarekin, desadostasunekin, arazo ekonomikoekin… lotura du, eta bizitzan aldaketa haundiak izaten dira: etxe edota ikastetxe aldaketa, lagunak… Gurasoekin erlazionatzeko modu berri bat, familia identitate ­berri bat... Eta zer gertatzen den ulertu gabe edo aldaketari aurre egiteko bitarteko nahikorik gabe, haurrek beraien mundua aldatzen ari dela ikusten dute, beraien oreka eta segurtasun emozionala arriskuan utziz. Eta hori beraien garapen psiko-pertsonalerako gakoa da.

Zenbat eta gatazka eta aldaketa haundiagoa izan, orduan eta sufrimendu haundiagoa izanen du seme-alabak, eta emozionalki gainezka egin dezake. Banaketaren ondorioz seme-alabak afektu eta arretarik gabe senti daitezke, beraien bizitza emozionala ezin kontrolatuz, gertatu dena onartu gabe. Gurasoekin maitasun eta gorroto harreman anbibalenteak ere sortu daitezke, bat maitatuz eta bertzea gorrotatuz, errudun sentimenduak, tristura, depresioa eta bakartzeko joera... Eta horren ondorioz, inguruarekin jarrera desegokiak hartu ditzakete, eskola-porrota, jarrera arriskutsuak, agresibitatea...

Nerabezaroan edo heldutasunaren hasieran, konpondu gabeko arazo afektiboen ondorioz desorekak sortu daitezke.

Seme-alaben adinaren arabera, banaketaren ondorioak desberdinak al dira?

Bai. Jaioberri batek ez du jakinen gurasoak banandu zaizkiola, baina egunerokoan aldaketak nabarituko ditu. Garbitasunean, elikaduran, eta loan dituen ohiturak aldatuz gero, kasu edo maitasun guttiago egin edo emanez gero, eta tentsio haundia nabaritzen badu, haserre eta urduri senti daiteke, normalean baino negar gehiago egin dezake, edo elikaduran eta loan aldaketak izan ditzake.

1-5 urte bitartekoetan haurrek inguru orekatua behar dute, egonkortasuna eta segurtasuna eskainiko dieten ingurua, emozionalki modu osasuntsuan garatu daitezen. Hiru urte bitarteko haurretan, gurasoak banandu direla konturatzen dira, baina ez dakite zergatia eta gibelera egin dezake zenbait jarreretan, pixoihaletara itzuliz, behatza zupatuz… Hiru urtetik aitzinera, adinak duen egozentrismoa dela eta, errudunak beraiek direla pentsa dezakete, eta triste eta haserre senti daitezke, eta loan desorekak izan ditzakete, buruko edo sabeleko mina eduki…

5-12 urtekoek zergatia ulertzen dute. Erabateko maitasun-gorrotoan egon daitezke, gurasoetako baten alde nabarmen egonez, eta bertzea ukatuz, batengandik edo bertzearengandik nahi dutena lortzeko manipulaziora joz…

13 urtetik aitzinera, nerabeak egoera ulertu arren gerta liteke ez onartzea. Lagunek pentsatuko dutenari garrantzia eman diezaiokete, eta lagunarteko edo bikote harreman egonkorrak edukitzeko izan dezaketen gaitasunarekin zalantza ere izan dezakete.

Nola lagundu daiteke seme-alabei?

Banaketa krisi bat da eta norbere buruarekin edo bikotekidearekin tentsio haundiko uneak izaten dira. Seme-alabak uneoro jakin behar du zer gertatzen den, adinaren araberako azalpenak modu sinple eta zintzoan emanez, bizitzan izanen diren aldaketa guztien berri emanez: norekin egonen den denbora gehien, noiz eta non ikusiko duen bertze gurasoa…

Gisa berean, nahiz eta helduentzat estres eta tentsio haundiko momentuak izan, gurasoek arreta eskaini behar diete seme-alabei eta beraiengandik hurbil daudela sentitzea ezinbertzekoa da. Emozioak azalera­tzen lagundu behar zaie: beldurra, errua, bakardadea, guraso baten aldeko jarrera... izaten dituzte aunitzetan eta komeni da hori guztia sentitzen duten moduan adieraztea. Hala eginez gero, aldaketa ez da horren bortitza izanen, emozioek ez diete gainezka eginen eta pixkanaka-pixkanaka egoera berrira egokitzen joanen dira.

Banandu ondotik gurasoek erakusten dute eredua erabakiorra da, horren arabera seme-alabaren segurtasun eta egonkortasun emozionala arrisku haundiagoan ala ttikiagoan egonen baita. Horregatik, doluaren ondotik, guraso bezala duten rolari lehentasuna emateko gai izan behar dute, seme-alaben heziketa eta hezkuntzari buruzko kontuak konpartituz, seme-alabek bi gurasoekin harreman osasuntsua izan dezan.

Hori bai, gurasoek edo bietako batek gainezka egin badu, profesionalei laguntza eskatzea aholkatuko nuke. Estres haundiko egoerak dira eta baliteke prestatuak ez egotea. Profesionalak tentsioa kudeatzen lagundu diezaguke, erabaki hobeak hartzen, haurrekin nola jokatu aholkatu edo bikotekidearekin dagoen gatazkan bitartekotza egin.

Seme-alabek zenbat denbora behar dute banaketa gainditzeko?

Faktore aunitzen araberakoa da: seme-alabaren nortasunaren eta harreman estiloaren araberakoa,  banaketak beretzako eragin dezakeen aldaketaren araberakoa, bikote harremana eteteko prozesuan gurasoek duten tentsio mailaren araberakoa…. eta seme-alabek egoera nola hartzen duten, horren araberakoa ere bada.

Banaketaren ondotik, gurasoetako batek etxea uzten du, eta haurrak hori galera bezala uler dezake eta ondorioz, dolua eragin dezake. Banaketa gainditzeko seme-alabek behar duten denbora, neurri haundi batean, gurasoek seme-alabekin lotura afektiboa mantendu eta finkatzeko duten gaitasunaren araberakoa izanen da.  

Hain traumatikoak ez diren kasuetan, haurrak gurasoetako batekin edo biekin elkartuak sentitzen dira, eta halakoetan gerta liteke dolurik ez egotea. Bertze kasuetan, gatazka mailaren arabera, haurrak emozionalki gainezka egin dezake eta urte bat edo bi iraun dezakeen doluaz gain, psikologikoki jarrera desegokiak hartu edo desorekak eduki ditzake, aldi baterakoak edo irauten dutenak.

Nola jokatu behar dute gurasoek?

Banaketa bat dolua da helduentzat ere, baina seme-alaben ongizateagatik ezinbertzekoa da gurasoekiko lotura behin betikoa dela ulertzea, bikote izan ala ez. Seme-alaben heziketa eta hezkuntzari lehentasuna emanez gero, komunikazioa erraztu daiteke, seme-alaben ongizatea izanik helburua.

Aunitzetan seme-alabak txanpon truke erabili ohi dira banaketaren alderdi batzuk negoziatzeko, etxea mantentzearekin lotutako kontuetan edo baita interes ekonomikoak tartean daudenean ere.

Gurasoek garbi eduki behar dute banaketaren ondorioz sortzen den krisi edo aldaketarekin, seme-alabek segurtasun eta egonkortasun haundiagoa behar dutela. Hortaz, gurasoek beraien artean akordioetara ailegatzeko ardura izan behar dute eta seme-alabekin lotura emozionala eta efektiboa are gehiago indartu. Bertzela, seme-alabak izanen dira kaltetuenak, beraiek direlako ahulenak.

Zerbait gaineratuko zenuke?

Banaketa baten aitzinean, seme-alabentzat funtsezkoa da gurasoek beraiekin duten lotura afektiboa ez dela eten sentitzea. Gurasoak noiz eta nola ikusiko dituzten baino garrantzitsuagoa da banandu arren, hor egonen direla sentitzea eta seme-alabak lehen bezala edo lehen baino gehiago maitatuak sentituko direla jakitea.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun