Elizondoko eskolako eta ikastolako ikasleek baratzea landuko dute ikasturtean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mar. 8a, 07:52

Ikasturtean zehar baratzea landuko dute Elizondoko eskolako eta ikastolako ikasleek.

Martxoaren 9an eginen dute lehen ekintza, Hondakinetarako udal teknikariaren laguntzaz konposta prestatuko baitute

Hurrengo hilabeteetan, Elizondoko Herriak utzi duen lur sail batean, baratze bat lantzen hasiko dira herriko eskola publikoko eta Baztan ikastolako hainbat haur, Udaletxeko langile eta teknikarien laguntzaz.

 

Proiektu honetan Elizondoko Eskolako eta Baztan Ikastolako hiru gelak parte hartuko dute, 50 haur, 3 maistra eta laguntzeko prest leudeken guraso guztiak.

Jarduera hezitzaile honen bitartez auzolana, elkar trukea, natura eta ingurugiroa, aitatxi-amatxien ezagutzak, hondakinen kudeaketa eta konposta, herriko azoka eta gure ingurune hurbilari loturiko bertze hainbat eduki pedagogiko interesgarri landuko dira.

Lehen ekintza, martxoaren 9an, asteazken goizeko 10etan burutuko da eta Hondakinetarako Udal Teknikariaren laguntzaz konposta prestatuko dute ikasleek.

Hortik aitzin, baratze-egutegi baten arabera, beharrezko diren lan guztiak egiten joanen dira, horretarako hainbat eragile eta pertsonen laguntza izanen dutelarik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun