Erratzun Bertako hazien eguna giro onean egin zuten

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 29a, 08:37
Jakoba Errekondoren azalpenei adi egon ziren Etxeleberteko Txokoan.

Etxeleberteko elkartearen gerizpean haziak trukatu eta Jakoba Errekondoren mintzaldia aditzeko aukera izan zuten larunbatean

Larunbatean, negu giroko eguraldiarekin Bertako haziaren eguna egin zuten Erratzun. Modu horretan goizeko 10:30erako Etxelebertzeko elkartearen gerizpean hazien mahaia paratu zuten: banabarra, tomatea, kalabaza, artoa... eta, horiek trukatzeko aukera izan zen. Ondotik Jakoba Errekondoren mintzaldia etorri zen. 

 

Ordurako Etxelebertzeko goitiko solairua jendez bete zen eta giro berotu, nahiz kanpoan hotza eta alimaleko haize-erauntsiak ari. Harat hurbildutakoek usurbildar nekazal ingeniariaren Bizi Baratzea liburuaren aurkezpena interes biziz segitu ahal izan zuten. Mintzaldia Josetxo Apezetxea erratzuarrak aurkeztu zuen eta liburua argitaratu duen ARGIA astekariko Mikel Asurmendik ere hitza hartu zuen. Jakoba Errekondok baratzearen eta baratzegintzaren garrantzia aipatu zituen eta, pittanaka-pittanaka, bere komunikazioarako dohaiaz baliaturik liburuaren barrenkiak aletu. Elikaduraren gaineko kezka eta, hortaz, baratzegintzarena, bizimodu osasuntsu eta hobeago baterako erdigunean paratu zituen. 

Gaurgero badira urte batzuk Baztan aldean Bertako haziaren eguna egiten dena. Aurtengoa Erratzuko kultur elkarteak eta Hazitik Hoziek antolatu dute, Erratzuko Etxelebertz elkartearen eta Erratzuko herriaren laguntzarekin.

Heldu den asteburuan Beran ere eginen dute, egun honen bigarren saioa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun