Emakumearen Egunaren harira hainbat ekintza antolatu dituzte Baztanen

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 26a, 09:20

2009 eta 2014 urteen artean Afganistanen ateratako argazkiak izanen dira ikusgai.

Hasteko, Afganistango Emakumeei buruzko argazki erakusketa irekiko dute Arizkunenean otsailaren 29tik martxoaren 11ra

Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira zenbait ekitaldi eginen dira otsailaren 29tik martxoaren 20ra Baztanen ere, Udaleko Berdintasun Batzordeak antolatuta. Baztango Udalak, Nafarroako 17 Udalerrik eta Mankomunitateek parte hartzen duten kanpaina bateratuarekin bat egingo du aurten ere eta aurtengo kanpainarako erabiliko den lema honakoa izango da: Feminismoa ez da matxismoaren kontrakoa, ezberdintasunaren antidoto onena baizik. Orain inoiz baino beharrezkoagoa!

Emakumeak. Afganistan argazki erakusketa

Otsailaren 29tik martxoaren 11 arte Emakumeak. Afganistan argazki erakusketa eginen dute Arizkunenean. Gervasio Sánchez eta Mónica Bernabéren argazkiak astelehenetik ortziralera 17:00etatik 20:00etara egonen dira ikusgai.

Erakusketa honetako argazkiak 2009tik 2014ra bitarteko aldian ateratakoak dira. "Emakumeak Afganistan", Afganistanen Giza Eskubideen aldeko Elkartearen (ASDHA) proiektu bat da eta Bartzelonako Udalak finantzatu du. Euskal Fondoak erakusketaren adaptazio bat produzitu du, Euskal Herriko udalerri ezberdinetan egongo dena.

Erakusketa honetan oro har Afganistango emakumeen diskriminazio egoera ezberdinak ezagutu ahal izango ditugu. Talibanek etxetik kanpo lan egitea, ikastea eta laguntza medikoa jasotzea debekatu zieten emakumeei, Afganistanen agintean egon ziren aldian. Murrizketa horiek eskandalizatu egin zuten Mendebaldea, nahiz eta Afganistaneko emakumeek beren etxeetan egunero bizi duten benetako dramaren icebergaren tontorra besterik ez izan.

Erakustaldi honetan ikusten da emakumeen aurkako indarkeria Afganistanen familian bertan hasten dela eta endemikoa dela, eta ez du zerikusirik talibanak agintean egotearekin edo ez egotearekin.

Afganistaneko gizartea oso kontserbadorea da, matxista eta erlijiosoa, eta errealitate hori ezin da aldatu urte gutxi batzuetan. Belaunaldiak behar dira horretarako. Nolanahi ere, zigorgabetasuna orokortuta dago herrialdean, eta horren errua, neurri handi batean behintzat, nazioarteko komunitatearena da. Gure isiltasunak eta axolagabekeriak konplize egiten gaitu.

 

Bertze ekintzak

Martxoaren 2an, asteazken arratsaldeko 7:30ean, Berdintasuna kirolean: lorpenak eta erronkak solasaldia eskainiko du Ainhoa Azurmendik Elizondoko Arizkunenean.

Martxoaren 6an, igande arratsaldeko 7etan Ez da kasualitatea bertso-saio musikatua eskainiko dute Arizkunenean lau emakume bertsolarik, bi musikari lagun dutela (Ixak Arruti gitarran, Gari Otamendi bibolinarekin edo Eneko Sierra saxoarekin).

Martxoaren 16an, asteazken goizeko 11etan Futbolariak eta printzesak antzezlana eskainiko du Eidabe taldeak Iruritako Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean. Baztan Ikastola, Elizondoko eskola eta herrietako eskola ttikietako Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleek parte hartuko dute.

Martxoaren 17an Lekarozko Batxilergokoko 2. Mailako 62 ikaslek, Elhuyar Fundazioak sortutako Bizentaren lumak solas-jolas ekimenean parte hartuko dute. Jolasen bidez eta euskaraz, gazteen artean berdintasunaren aldeko jarrerak sustatzea da ekimen honen helburu nagusia.

Martxoaren 20an, igande arratsaldeko 7etan Kamikaz kolektboaren Euli Giro helduendako antzerkia ikusgai izanen da Iruritako Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean.

 

Hezkidetza tailerrak

Urtero bezala, eta azaroaren 25ean hasitako lanarekin jarraituz, Lekarozko institutuan eta Elizondoko Lanbide Eskolan Hezkindetza tailerrak izanen dira (martxoaren 3, 10 eta 17an Lekarozen eta martxoaren 14an Elizondon). Lanbide Eskolako28 ikaslek eta Lekarozko 79 ikaslek parte hartu zuten azkeneko tailerretan eta oraingoan gaia gehiago lantzeko aukera izanen dute. Hezkidetza tailer hauek Emagin elkarteko formatzaileek eskainiko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun