Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiari buruzko galdeketa eskatu dute gizarte zibileko 45 ordezkarik

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko ots. 23a, 07:26

Nafarroako 45 gizarte eragilek bat egin dute Aroztegia eta gero zer? manifestuarekin.

Sagrario Aleman euskaltzaina, Montxo Armendariz zinema zuzendaria, Jose Mari Esparza eta Patziku Perurena idazleak eta Iñaki Egaña historialaria daude Aroztegia... eta gero zer? plataformaren eskaerarekin bat egin dutenen artean

Lekarozko Aroztegiko proiektua geldiarazi eta hari buruzko herri galdeketaren emaitza bete beharrekoa izatea eskatu dute Nafarroako gizarte zibileko 45 kidek, manifestu baten bidez. Bultzatzaileek salatu dute «inposizio politiko garbia» dela proiektua, «UPNk utzitako herentzia pozoitua».

Begoña Zabalak eta Xabier Morrasek irakurri dute komunikatua egitasmoa babestu dutenen izenean, eta ohartarazi dute «eraikuntza enpresak izango direla proiektuaren onuradun bakarrak, eta ez harana».

Idatziak dioenez, «ez gara afera juridiko edo negozio partikularrez bakarrik ari. Horretaz gain, afera politiko eta sozialez ari gara, Baztango auzoen komunitate bati, Lekarozkoari, alegia, eta, oro har, haran guztiari, aurretik sumatu daitekeen modu larrian eragiten diotena bere egunerokotasunean eta natur ingurunean».

Egitasmoa gauzatzeak ekarriko lituzkeen ondorioez ere aritu dira: «Onuraduna ez da harana izanen, ezta auzokoak ere, nahiz eta haiei etekin ekonomiko eztabaidagarriak eta etorkizun garbirik gabeko onurak eskaintzen zaizkien. Onuradunak eraikuntza sektoreko enpresak dira». Aroztegia eremu natural zabalean esku-hartze izugarri eta atzeraezintzat jo dute, eta horregatik galdatu dute Nafarroako Gobernuak UGPSa geldiarazi eta galdeketa antola dezala.

Horiek hala, eskatu diote Nafarroako Gobernuari froga dezala hauteskunde kanpainan erakutsitako «aldaketarako borondatea», eta antolatu dezala galdeketa lotesle bat Baztanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun