Hasier Larretxea arraioztarrak bere azken olerki bilduma aurkeztu du

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 16a, 07:38
Hasier Larretxeak Uxua Juarezekin batera aurkeztu zuen bere azken liburua Iruñean. Argazkia: Alvaro García

Iruñeko Walden liburutegian eman du De un nuevo paisaje liburuaren berri

De un nuevo paisaje. Horixe da Hasier Larretxea Gortari idazle arraioztarrak idatzi duen azken poema-liburuaren izenburua. Mugak, identitatea, harremanak… gai horien inguruko hausnarketa egiten du liburuan eta horretarako hizkuntza paisaia berri bat sortzen du, lurra eta natura begiratzen duena. Liburua otsailaren 13an, larunbat eguerdian aurkeztu zuen Iruñeko Walden liburutegian, Uxue Juarez olerkari eta lagunarekin batera. Elisabet Parés eta Alvaro Garcia editoreak ere bertan izan ziren, baita Hasier Larretxearen gurasoak eta hainbat literatur eta olerki zale ere.

 

Hasier Larretxea

Hasier Larretxea Arraiozen jaio zen 1982an baina urteak daramazki Madrilen bizitzen. Azken bala (Point de Lunettes, 2008), Atakak (Alberdania, 2011) eta honen itzulpena, Barreras (La Garúa, 2013) eta Niebla fronteriza (El Gaviero, 2015) poema liburuak eta Larremotzetik narratiba liburua (Erein, 2014) argitaratu ditu. ‘Te cuento’ proiektuan ere parte hartu du, Pulgarcitoren historiarekin, Clemente Bernad fotokazetariaren irudiekin (Alkibia, 2015). Bortz urtez, Koult aldizkariaren Literatur atalaren arduradun izan da. Zuri Negrínekin batera, olerkia eta diseinua uztartzen dituen Hazu Studioko kide da. Bertan, 2014an egunean esaldi bat idatzi zuen, Un póster al día proiekturako. Leo Minax musikariarekin batera, Ladudada kantuaren hitzak konposatu ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun