Ehiza, kirola eta gastronomia uztartu dituzte Iruritako Olarin egindako jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 29a, 08:31
Abel Barriolak eta Itxaso Fagoagak solasaldi interesgarria eskainu zuten Olarin.

Nafarroako Ehiza Federazioak eta Baztango Ehiza eta Arrantza Elkarteak antolatuta, Abel Barriolak eta Itxaso Fagoagak parte hartu dute

Ehiza, kirola eta gastronomia uztartzen dituen jardunaldia burutu dute ilbeltzaren 27an Iruritako Olari jatetxean, Nafarroako Ehiza Federazioak eta Baztango Ehiza eta Arrantza kirol Elkarteak antolatuta. Bertan, Abel Barriola pilotari leitzarra eta skeet olinpikoan aritzen den Itxaso Fagoaga kirolari lesakarra aritu ziren solasean.

 

Hasiera batean, Barriola eta Ruben Beloki zeuden iragarriak, baina honek ezin izan zuen hurbildu, azken orduko arazoak zirela medio. Publikoaren artean zegoen Itxaso Fagoagari gonbidapena egin zion antolakuntzak eta lesakarrak borondate on guztiarekin solastu zuen ehiza eta kirolari buruz, Barriolarekin batera. Hogei bat lagun bildu ziren Olari jatetxean, eta solasaldi polit batekin gozatzeko aukera izan zuten, bi solaskideek beraien pasio kutsakorraren berri eman baitzuten.

Ondotik, David eta Ruben Garate Olondriz, Olari jatetxeko sukaldariek ehizako haragiarekin prestatutako jakiak dastatzeko aukera izan zen, hala nola, basurdea, usoa, oilagorra eta oreina, ardo on batekin bustita eta ondorik sagar pastela.

Baztango Ehiza eta Arrantza Elkarteari zapore gozoa utzi dio jardunaldiak, bai solaskideei baita publikoari etorri izana eskertu nahi diete eta nola ez Olari jatetxekoei, «lekua utzi eta jaki gozoak prestatzeagatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun