Baztango udal artxibategia osorik tratatzeko lanak abiatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 27a, 08:04
Kaperatasun eskubidea aitortzen duen 1441eko jatorrizko agiriaren 1763ko kopia ederra.

Lau urtez eginen dira lanak, 47.500 euroko aurrekontuarekin

Joan den urtearen akaberaz geroztik Baztango udal artxibategiak sortu eta gordetako dokumentazioa osorik tratatzeko lanak hasi dira. Lanaren helburua herritarrei zerbitzu hobea ematea izanagatik, artxibategia herritarren jakinmina pizteko hainbat agiri berezi eta interesgarriren gordailua da. Horien artean kaperatasun eskubidea aitortzen duen 1441eko jatorrizko agiriaren 1763ko kopia ederra aipatzen ahal da (argazkian). 

 

Bertzalde, Batzar Nagusiaren lehenengo akta liburua bertan atxeman daiteke. 1673koa izanik orduko bizimoduaren lekukotasuna ematen du eta, bitxikeri bezala, hartzak ehizatzeagatik egiten ziren ordainketak aipatzen ditu. Bertzalde XVIII. mende akaberako errolda dago. Zeinak, biztanleriaren, baserrien, ekonomiaren, toponimiaren eta bertze hainbat gai interesgarriren bilakerari buruzko informazioa ematen baituen.

Agiri berezi horietaz gain udalaren eguneroko jardunerako beharrezkoak diren informazioak pilatzen dira bertan. Artxiboaren antolaketa eta katalogazioarekin kontsultak egiteko denbora ttipituko da eta lana arinduko. Hala, herritarren eskaerak lasterrago erantzuten ahalko dira. Bertzalde, bailarako ondarea den artxiboak bere balioa berreskuratuko du, Baztango garapen historiko eta kulturalaz gain, bertze arlo aunitzi buruzko informazioa ere ematen baitu.

Egin beharreko lanen artean artxibategiko dokumentazioa kudeatzeko softwarearen garapena ere dago.

Udal artxibategiak sortu eta gordetako dokumentazio osoaren tratamendua egiteko kontratazioa, eskaintza hoberena eginik, Ereiten enpresak eskuratu zuen. Lanak lau urtez eginen dira eta 47.500 euroko aurrekontua dute.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun