XXI. mendeko Baztango nekazaritzari buruzko liburuxka argitaratu dute

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 26a, 09:32

Liburuaren azala.

Metaziri kolektiboaren eta Hazitik hozie tokiko garapenerako elkartearen arteko elkarlanaren emaitza da

Baztango nekazaritza XXI. mendean zertan den argitzeko nahiarekin Hazitik hozie elkarteak Julen Arburua, Aitor Azkarate eta Ana Iriarte baztandar nekazari gazteekin mahai-ingurua antolatu zuen. Gogoeta horretan belaunaldi-aldaketaz, sektoreko lan-baldintzetaz, formazioaz, herri-lurretaz, nekazaritzako azpiegituretaz (hiltegia, kooperatiba...), kontsumitzaileen arduraz, bailarako gainerako sektore ekonomikoei buruzko harremanaz e.a. aritu ziren. Orduan errandakoek ondorio borobilak eskaini baino sektorea biziberritu eta indartzeko akuilu izan nahi zuten eta, modu horretan, liburuxka argitaratu dute.

 

Argitalpen hau Metaziri kolektibo editorialaren eta Hazitik hozie tokiko garapenerako elkarte herritarraren arteko elkarlanaren emaitza da. Bi taldeak, Baztango mugimendu herritarren parte dira. Liburuxka hau ekonomia herritar, solidario eta bertokiratua sortzeko bailaran abiatu den prozesu sozialaren baitan ulertu beharra dago.

Liburuxka 3,5 euroan, ondoko tokietan salgai dago: Erratzuko Altxuko dendan eta Zubi Puntan, Arizkungo Dolaetxean, Elizondoko Axularren, On eginen, Nafarpressen eta Albaitaritzan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun