San Anton egunean Elizondon zozketatutako aretxea Almandozko Ariztizelaira joan da

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 18a, 14:55

Elias Altzuarte eta Maria Jesus Inda senar-emazteak, Oihane eta Iker bilobekin kontent, sari nagusia irabazi ondotik. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Elias Altzuartek irabazi zuen Zahar Etxearen alde eginen den zozketaren lehen saria

San Anton eguna ospatu zuten igandean Elizondon. Beti bezala, zopak banatu zituzten plazan (50 litro salda), bertsolariak aritu ziren kantari eta guttienez 1867. urtetik Francisco Joaquin de Iriarte Zahar Etxearen alde egiten den zozketa ere egin zen. Almandozko Ariztizelaiko Elias Altzuarte Astiz nekazariak eskuratu zuen lehen saria, aretxea, bera baitzen 8.743 zenbakiaren jabea.

 

Beti bezala, Balleko Etxeko balkoian egin zen zozketa eta lau umek atera zituzten zenbakiak: Oihan Bazterrikak (10 urte), Peru Medinak (9 urte), Olatz Iriartek (10 urte) eta Auza Iparragirrek (8 urte). Lehen saria, aretxea, 8.743 zenbakiari egokitu zitzaion. Hain zuzen, San Anton egun berean erosi zuen plazan Elias Altzuartek eta kontent ageri zen, Maria Jesus Inda emaztearekin eta Oihame eta Iker bilobekin batera. Bigarren saria, zerria, 7.232 zenbakiari egokitu zaio; hirugarren saria (bi bildots), 4.713 zenbakiari eta laugarren saria, urdaiazpikoa, 2.518 zenbakiari. Franisco Joaquin de Iriarte Zahar Etxetik aipatu zutenez, igande arratsaldean ez zen inor agertu hiru sari hauek eskatzera, baina hogei eguneko epea izanen dute horretarako.

Denera, zozketa honekin 8.200 euroko boletoak saldu aurten Zahar Etxeak, “gero eta gutiago”. Izan ere, gastuak kenduta, 5.000 edo 6.000 euro inguruko irabaziak geldituko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun