Baztango Bilgune Feminista sortu dute

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urt. 7a, 12:54

Ilbeltzaren 7an egindako agerraldian aurkeztu dute Baztango Bilguna Feminista.

Emakumearen zapalkuntzari aurre egiteko helburua dutela azpimarratu dute ilbeltzaren 7an egindako aurkezpenean

Borroka eta lan ezberdinetan dabiltzan emakumeak bilduko dituen Baztango Bilgune Feminista sortu dute eta taldearen aurkezpena egin dute ilbeltzaren 7an Arizkunenea Kultur Etxean. Hurrengo bilera ilbeltzaren 13an, heldu den asteazkenean 19:00etan eginen dute.

 

Baztanen urteak daramatzate emakumeen eskubideen defentsan, emakumeen aurkako erasoak salatzen eta emakumeak ahalduntzeko talde desberdinetan lan egiten. Urteetan, Baztango hainbat talde eta norbanakoak, Martxoak 8 eta abenduaren 25eko jardunaldiak antolatu dituzte, bertzeak bertze, «emakumeok pairatzen dugun zapalkuntza, egiturazko zapalkuntza dela ikusaraziz, eta ez kasu isolatuak, sinestarazi nahi diguten bezala».  Bertze kasu batzuetan, emakumeon arteko harremanak sendotu eta emakumeon arteko elkarlana bulkatu dute. «Baztango plazetan Mutildantzekin eman diren bazterketak zein erasoak ere salatu ditugu, baita emakumeok bestetan, nahi dugunarekin eta nahi dugun bezala,  eremu publikoan parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatu ere».  Aurten berriz, Emakumeen Mundu Martxako hainbat jarduera antolatu dituzte «gure arteko sareak sendotuz, emakumeon borrokari  gogotsu ekiteko. Martxoak 8, Azaroak 25, Eguzki Lore, Plazara Dantzara, Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Ekimena… borroka eta lan hauek guztiak beren fruitua eman dute, eta horrexek berak eraman gaitu emakumeak antolatu eta Baztango Bilgune Feminista sortzera», ilbeltzaren 7an Arizkunenea Kultur Etxean egindako agerraldian adierazi dutenez.

Aurkezpenean aipatu dutenez, «zoritxarrez Baztanen ere emakumeon zapalkuntza eguneroko ogia da. Sistema kapitalista patriarkalak, gurean ere, arras errotuta ditu bere  oinarriak. Eraso sexista ugari izan ditugu azken urteetan, jakinda ere eraso gehienak salatu gabe gelditzen direla. Aunitzetan, gizonezkoek baino guttiago kobratzen dugu lan bera egiteagatik. Eskualde osoko lantegi industrial handietan oraindik ez dira emakumeak kontratatzen. Hauek dira lan mundu arautuan gertatzen direnen bidegabekeria batzuk. Bertze aldetik, historikoki emakumeok aitzinerat eramaten ditugun zaintza lanetan eramaten den esplotazioa eta aitortza eza dago. Baserrietan eta lehenengo sektorean orokorrean ematen diren kondizioak ere lotsamangarriak dira, esplotazio gehienak gizonen izenean egonik, diru laguntzetara  zein kotizazioetarako emakumeok aukerarik izan gabe. Adibideak pilaka daude eta jasanezina den egoera batera eraman gaitu sistema honek».

 

«Eskubide guztien jabe garen herritarrak bezala bizi nahi dugu»

Honi denari aitzin egiteko, «eta duintasunez eta eskubide guztien jabe garen herritarrak bezala bizi nahi dugulakoz», antolatu dira. Euskal Herriko Bilgune Feministak (EHBF) urteak daramatza nazio mailan emakume, abertzale eta feministen ahotsa izaten. Helburuen artean, Euskal Herriaren burujabetza feministaren bidean estrategia feministan aurrerapausoak ematea da. Baita Euskal Herrian aldaketa sozial eta politikorako abiatuta dauden prozesu kolektiboetan parte hartzea ere. Baztanen ere bat egiten dute EHBFk dituen helburuekin eta «Euskal Herriko bertze herrietako bilguneekin euskal emakume langileok jasaten dugun zapalkuntza hirukoitzari aurre egiteko elkarlanean arituko gara».

Helburu horiez gain, indarkeria sexistaren aitzinean emakumeak indartu eta autodefentsa feminista lantzea izanen dute erronka nagusia. «Baztanen dagoen indarkeria egoeren azterketa sakona eginen dugu, agerian zein altxapean dauden indarkeriak identifikatu eta salatuko ditugu. Emakumeok pairatzen dugun prekarietatea eta lan eskubideen urraketak ere, lehentasuna izanen dute bertze gaien artean». Hau dena aitzin eramateko ezinbertzekoa da emakumeok elkartzea eta antolatzea eta horregatik dei egiten diete Baztango emakume abertzale eta feminista guztiei «gurekin batera Baztango Bilgune Feminista martxan paratzeko».

Bilgune Feministatik urtarrilaren 13an, heldu den asteazken arratsaldeko 7etan Arizkunenea kultur etxean eginen duten bileran parte hartzera deitu dute.

 

Erlazionatuak

Baztango Bilgune feminista sortu da

Xorroxin irratia 2016 urt 08 Baztan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun