Ehun urte bete ditu Elizondoko Pakita Erasok

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 7a, 11:27

Pakita Eraso, familia inguruan duela, ehun urte bete zituen egunean. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Urtetan Zigako eta Elizondoko organujolea izandakoak lau belaunaldi bildu zituen bere inguruan Errege bezperan

 

1916ko urtarrilaren 5ean jaio zen Elizondon Pakita Eraso Olaetxea. Mende bat beranduago, Errege bezperan ospatu zuen ehungarren urteurrena, lau belaunaldi biltzen dituen familia inguruan zuela.

Izan ere familia eta musika izan dira Pakita Erasoren bi pasioak. Hamarkadetan zehar Ziga eta Elizondoko organujolea izan zen, nolabait, Juanito Eraso bere anai zaharrak irekitako bidea segituz. Juanito Erasok Elizondoko Abesbatza sortu eta zuzendu zuen urtetan. Oraindik orain, pianoa gogotsu jotzen du Pakitak.

Aipatzekoa da 2012ko abenduan omenaldia eskaini ziotela Elizondon Pakita Erasori eta Eusebio Izetari, organoa joz eta koralean egindako lana eskertuz.

Bertze elizondoar famatu baten alarguna da Pakita, Jose Mari Munarriz dentistarena. Erran bezala, Errege bezperan lau belaunaldi bildu zituen bere inguruan Pakita Erasok, zazpi seme-alaba, bederatzi biloba eta zortzi birbiloba baititu. Ederki bazkaldu zuten denek elkarrekin.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun