Erratzuko II. Paxaka txapelketako finalak abenduaren 12an jokatuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2015eko abenduaren 11

Ondotik, musika poteoa, herri afaria eta dantzaldia izanen dituzte.

Erratzuko Kultur Elkarteak antolatutako bigarren Paxaka txapelketako azken partidak jokatuko dituzte abenduaren 12an, larunbat arratsaldeko 5etatik aitzinera Erratzuko frontoian. Kirola eta gero, musika, afaria eta dantzaldia izanen dituzte.

Larunbat arratsaldeko 5etan, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidak jokatuko dituzte. Alde batetik, Joseba, Manu eta Eneko ariko dira eta sarearen bertze aldean, Barbe, Markos eta Jagoba. Final handian, berriz, Gorka, Gari eta Kaiet, batetik, Oskar, Migel eta Iujaren kontra ariko dira.

Baina dena ez da kirola izanen larunbat arratsaldean Erratzun. Paxaka partiden ondotik, musika poteoa eginen dute Fanfarronak taldearekin. Gero, herri afaria izanen dute eta eguna borobiltzeko, dantzaldia Ezinke taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun