Turismoari buruzko mahai-ingurua antolatu dute Elizondon abenduaren 12an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015eko abenduaren 9a

Urruxkako Mari Joxe Iparragirre, Jauregiarteko Pello Iriarte eta hiru urtez turismo teknikari izan den Irantzu Pastor izanen dira hizlari larunbat eguerdian Elizondoko Lanbide Eskolan

Turismoari buruz gogoeta egiteko Hazitik Hozie elkarteak, Baztan-Bidasoa turismo elkargoak eta EHNEk mahai-ingurua antolatu dute Elizondon. Turismoa Baztanen: norat goaz? goiburuarekin Mari Joxe Iparragirre, Pello Iriarte eta Irantzu Pastor eleketan ariko dira. 

Mari Joxe Iparragirre Urruxka baserrikoa da, Baztanen nekazal turismoan aitzindarietakoa izan den etxekoa. Gainera Hiruak bat landetxeen elkartean eta Baztan-Bidasoa turismo elkargoan parte hartzen du. Pello Iriarte Jauregiarte ostatu-kulturaleko nagusia da eta turismo gidaria ere bai. Baztanen hainbat ibilbide gidatu egiten ditu eta turismo kulturalean eta baliabide turistikoen garapenean lana egiten du. Azkenik, Irantzu Pastor hiru urtez Baztango udalean turismo teknikari bezala lanean aritu da.

Mahai-ingurua abenduaren 12an, larunbatean, goizeko 11tan, Elizondoko lanbide eskolan eginen da. Iaz tenore beretsuan Hazitik hoziek XXI. mendeko nekazaritza Baztanen mahai-ingurua egin zuen, hortaz, oraingoa, aitzenekoaren segidan heldu da, helburua izanik Baztango tokiko ekonomia bulkatzea, betiere, bailarako eragileen arteko elkarlanean oinarriturik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun