Nafarroako Enpresari Elkargoaren bisita jaso dute Elizondoko Lanbide Eskolan

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 9a, 07:59

Eskualdeko lehen Zentro Integratua izanen da laister Elizondoko Lanbide Eskola eta honekin batera, barne organo kolegiatua den Kontseilu Soziala eratuko da

Elizondoko Lanbide Eskolan Nafarroako Enpresari Elkargoaren ordezkarien lehen bisita izan zuten abenduaren 2an. Enpresari Elkartearen ordezkari den Javier Iraidel Formakuntzako arduraduna eta kolaboratzailea den Alberto Ameskoa Elizondoko Lanbide Eskolako Zuzendaritza taldeako kideekin eta Kanpo Harremanetako arduradunarekin bildu ziren.

Eskualdean egiten duten lehen bilera honetan informazio trukaketa eman da eta erakunde honek Lanbide Heziketa ikastetxeak eta enpresekin egin dezaken bitartekaritza lana ere azaldu da.

Elizondoko Lanbide Eskola laister eskualdeko lehen Zentro Integratua izango da eta honekin batera  barne organo kolegiatua den Kontseilu Soziala eratuko da. Bertan ikastetxeko ordezkariak, Hezkuntzakoak, Sindikatuetakoak, Enplegu zerbitzukoak eta Enpresari Elkargoko ordezkariak protagonismoa hartuko dute Zentru Integratuaren eskualderako eskainiko duen formakuntza eskaintza aurreikusi eta bideratzerakoan.

Maite Ariztegi, Elizondoko Lanbide Eskolako zuzendariak aipatu duenez, «gure ikastetxean biziki eskertzen dugu  hurbilketa hau eskualdean Lanbide Heziketa inguruan gure eskaintza hobetzen eta osatzen laguntzeko aukera bezela ikusten baitugu».

«Akreditazioa, zertifikazioak eta formakuntza Duala dira aitzinera jartzen ahal ditugun ekimenak eskaintzak bihurtuz –aipatu du Ariztegik–. Eskualdeko enpresekin elkarlana errexteko Enpresari Elkargoaren eskaini digun  bitartekaritza hau baliagarria izango zaigu eta erakunde honek Nafarroako bertze eskualdeetan duen esperientzia gure eskualdean ere baliatzeko aukera polita izango dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun