Antolatzaile ezberdinak daude egitarau honen gibelean: Baztango udaleko kultura batzordea, Legate elkartea, Baztan udal musika eskola, Elizondoko abesbatza, Almandozko herria eta Baztan-Urdazubiko Donejakue Bidearen Lagunen Elkartea, bertzeak bertze.
Abenduaren 13an, igandea, Adarretatik zintzilik helduentzako antzerkia eskainiko da Iruritako Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean Ane Zabala eta Galder Perez aktoreen eskutik, arratsaldeko 7etan.
Hilaren 18an, ortzirala, Mikel Ramos arkeologoak Baztango Donejakue bidearen berreskuratzea: Belateko Donejakue baselizaren arkeologia-indusketa hitzaldi-erakusketa eskainiko du Almandozko Beola Jatetxearen Aretoan, 19:30ean.
Lekarozen Faustinarekin munduratuz antzerkia ikusteko aukera izanen da abenduaren 26an, asteartea, Eskola zaharrean 12:00etan. Eta arratsaldeko 6etan Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okaberen Hego Amerika ezagutuz dokumentala eskainiko da elizan.
Ez dadila musika isildu
Musikak ere bere lekua izanen du Baztango abenduko egitarauan.
Abenduaren 9an, asteazkena, Elizondoko abesbatza ttikiaren entsegu irekia eginen da Iruritako Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean arratsaldeko 7etan.
Hilaren 12an, larunbata, Ibaiertz eta Elizondoko abesbatzek ahots kontzertua eskainiko dute Arizkungo elizan 20:00etan.
Baztango udal musika eskolako ikasleek abenduaren 19an, larunbata, Arizkungo elizan eguberrietako kontzertua emanen dute arratsaldeko 5etan. Eta asteartean, abenduaren 22an, Elizondoko Fco. Joaquin Iriarte Zahar-Etxean egonen dira 17:30ean.
Azkenik, Akordeoilari taldeko ikasle eta ikasle ohiek emanaldia eskainiko dute Elizondoko elizan abenduaren 26ean, 18:00etan, Migel Iparragirreren zuzendaritzapean.