Azaroaren 25aren inguruko Programazioak segida dauka Baztanen

Ttipi-Ttapa 2015eko azaroaren 24a

Xabier Odriozola Ezeitzaren liburu aurkezpen eta solasaldira 25 lagun bildu ziren Arizkunenean.

Itsaspeko Bihotzak Erakusketa eta haur literatura aretoa, elkarretaratzea, helduendako saioa eta antzerkia izanen dituzte 

Azaroaren 25aren inguruan Baztango Udaleko Berdintasun Batzordeak antolatu dituen ekintzak azaroaren 9an hasi ziren eta segida izango dute aste honetan. Hezkidetza tailerren, berdintasun gaien inguruko formazio saio irekien eta Xabier Odriozola Ezeitzaren liburu aurkezpenaren ondotik, Itsaspeko Bihotzak erakusketa zabalduko da azaroaren 24tik  abenduaren 2ra eta elkarretaratzea eginen dute azaroaren 25ean, asteazken eguerdian Elizondoko Foruen Plazan. Igandean antzerkia izanen da Iruritan.

 

Hezkidetza tailerrak Elizondoko Lanbide Eskolan eta Lekaroz BHI institutuan

Azaroaren 9an hasi eta azaroaren 30a bitartean , astelehenero, Hezkidetza eta indarkeria sexistaren inguruko tailerretan parte hartzen ari dira Baztango bi institutuetako Hezkuntza komunitateko kideak. 15-16 urteko neska mutikoei bideratutako egitasmo honetan 80 ikaslek eta 30 irakaslek parte hartu dute guztira. Hezkidetza eta indarkeria sexistaren inguruko oinarrizko lanketa honek, martxoan segida izanen du.

 

Berdintasun gaien inguruko formazio saio irekiak

Azaroaren 11n Komunikazio ez sexita lantzeko saio irekia izan zen Arizkunenea Kultur etxean. 8 lagunek parte hartu zuten bertan eta honela itxiera eman zitzaion Baztango Udaleko Berdintasun Batzordeak antolatu dituen trebakuntza saio irekiei.

 

Gizonezkoen sexismoa, maskulinotasuna eta eskapena: Berdintasunerantz. Liburu aurkezpena + solasaldia

25 lagun inguru gerturatu ziren ortziral arratsean Arizkunenea Kultur etxera Xabier Odriozola Ezeitzaren hitzaldia entzutera (argazkian). Gizonezkoen sexismoa, maskulinotasuna eta eskapena: Berdintasunerantz liburuaren egilea da bera. Antropologoa eta irakaslea da eta azken urte hauetan berdintasunezko jendartea eraikitzeko beste maskulinitate eredu bat proposatu du. Hainbat artikulu idatzi ditu gai honen inguruan, gida liburu bat ere kaleratu du eta azken liburu honetan bere gogoetak bildu nahi izan ditu. Euskal Herrian sexismoa ezabatzeko eta jendarte justuago eta berdintsuago baten alde lan egiteko azken hamarkadetan antolatu diren gizon taldeen bizipen zuzenetatik ateratako ondorioak biltzen ditu liburuan.

 

Aste honetako ekitaldiak

Azaroaren 24tik abenduaren 2ra, Galtzagorri elkartearen Itsaspeko bihotzak erakusketa, genero berdintasuna, hezkidetza eta haur literatura aretoa zabalduko da Elizondoko liburutegian. Goizetan ikastetxeendako tailerrak eginen dituzte eta arratsaldetan 4etatik 9etara zabalduko dute.

Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira, elkarretaratzean eginen dute asteazken eguerdiko 12etan Elizondoko Foruen Plazan.

Azaroaren 27an, ortziral arratsaldeko 5etan Itsaspeko Bihotzak helduendako saioa izanen da Elizondoko liburutegian.

Azaroaren 29an, azkenik, Txalo Produkzioak taldearen Datorren urtean hobeto antzezlana ikusgai izanen da Iruritako Gizarte Bilgunean, igande arratsaldeko 7etatik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun