Bideak mantentzeko traktorea eta desbrozadora erosiko ditu Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 26a, 07:47

Herrietako alkateen eskariari erantzuteko 60.000 euroko aurrekontua izanen da

Baztango udalak urriaren 22ko osoko bilkuran traktorea eta sasitza mozteko tresna edo desbrozadora erosteko erabakia hartu du. Herrietako alkateen aspaldiko eskaera zen hau eta aurtengo diru soberakina erabiliz EH Bilduren eta  Ezkerraren proposamenez eta Auzolaneanen babesarekin erabakia hartu da. Gero Bai eta UPN aurka agertu dira. Traktorea eta sasitza mozteko tresna erosteko aurrekontua 60.000 eurokoa da.

Traktorearekin eta sasitza mozteko makinarekin Baztango pistak mantentzen ahalko dira. Baztanen 900 kilometro pista baino gehiago daude eta barreiatutako bizitegi aunitz. Orain artio herri bakoitzari urtero hiru kilometro pista garbitzeko  zerbitzu esternoa eskaintzen zitzaion. Zerbitzu hori, ikusi ahal izan denez, ez da nahikoa. Traktorea eta sasitza mozteko makinaren inbertsioarekin bideak behar diren bezala mantenduko dira. Gainera, etorkizunean zerbitzu gehiago eskaintzeko aukera emanen du: bazkaleku komunaletako sasitzen mozketa edo desbrozea adibidez.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun