Baztango Udalak ere sexu erasoa errefusatu du

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 21a, 11:41

Urriaren 21ean egindako premiazko ez-ohiko batzarrean ahobatez onartu du adierazpen instituzionala

Asteburuan Baztanen izandako sexu eraso  salaketaren berri izan ondoren, Baztango Udalak ustezko gertaera hau eta edozein motatako indarkeria sexista irmoki errefusatzen duela adierazi du eta bere babesa eta elkartasunik beroena helarazi diote erasoa pairatu duen emakumeari eta bere familiari. Adierazpen instituzionala ahobatez hartu du urriaren 21ean egindako premiazko ez-ohiko batzarrean.

Modu berean, konpromisoa hartu du bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, emakumeenganako indarkeriaren aurkako Udal politika aktibo eta koordinatua garatzeko eta gonbitea egin die herritar guztiei «konpromiso pertsonalak eta kolektiboak hartzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde, baita edozein indarkeria edo dislkriminazio sexista errefuratzeko ere».

Baztango Udalak bat egin du urriaren 21ean, asteazken arratsaldeko 7etan Elizondoko Foru Plazan eginen den elkarretaratzearekin eta bertan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Alde horretatik, aipatzekoa da Baztango emakume mundu martxak ere bat egin duela elkarretaratzearekin.

Baztango Udalaren adierazoen instituzionalak dioenez, «indarkeria matxista lehen mailako arazoa da» eta ezin dira «gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu. Besta giroan ematen diren erasoak beste edozein eremuntan ematen diren eraso matxista bezain larriak dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun