Nafarroa Oinezen gertatutako ustezko sexu erasoa gaitzesteko elkarretaratzeak eginen dituzte gaur

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 21a, 07:59

Nafarroa Oinezen gertatu zen ustezko sexu erasoa.

Elizondon eta Beran elkarretaratzeak eginen dituzte urriaren 21ean, asteazken arratsaldeko 7etan

Joan den igandean Baztanen ospatutako Nafarroa Oinezen jazotako ustezko eraso sexuala dela eta, gogor eta indar guztiarekin salatu eta gaitzetsi du ekintza Nafarroako Ikastolen Elkarteak, «bere horretan indar guztiz salatzekoa izateaz gainera, guk bultzatzen dugun gizarte ereduaren, gure ikasleei, gure seme-alabei ematen diegun hezkuntza ereduaren guztiz kontrako ekintza ere badelako». Baztan Ikastolak ere bere haserrea eta gaitzespena adierazi nahi ditu eta baztandar guztiak deitu ditu urriaren 21ean, asteazken arratsaldeko 7etan Elizondoko Foruen Plazan «gertakari higuingarri hau salatzeko» eginen den elkarretaratzera. Egun eta ordu berean elkarretaratzea eginen dute Berako Mukixu zubian, Eraso sexistarik ez! goiburupean.

 

Atsekabetuta, harrituta eta haserre daude, «Ikastolen jaien historian zehar lehendabizikoz egin behar izan diogulako aurre halako egoerari».

Jaiaren antolakuntzak urtero auto babes plan zorrotza sortzen duela jakinarazi du Nafarroako Ikastolen elkarteak eta beronen baitan jardun zela gertaeraren berri izan zen une beretik.

Foruzaingoak hartu zituen bere gain zegozkion ardurak eta kasu hauetarako ezarrita duen protokoloa abiarazi zuen; une honetan gertaera nola burutu zen ikertzen ari da. Ildo honetatik Foruzaingoak erantzuna ematerakoan erakutsi zuen azkartasuna eskertu nahi du Nafarroako Ikastolen Elkarteak, baita jaiaren antolakuntza laguntzeko erakutsi zuen jarrera ere.

Bere babesa eta elkartasuna helarazi nahi die gertaerak eragin ahal dituen biktimei. «Une honetan euren osatzeak eta hala izan dadin behar duten laguntza guztia jaso dezaten da gure lehentasuna», dio Ikastolen Elkartearen oharrak.

Gizartearen aldaketa handia eman behar dela uste dute, «non eraso sexistak kartzelarekin zigortu ahal baitiren arren, oraintsu arte eta oraindik ere onartu egiten diren, edo benetan duten garrantzia kentzen zaien, are gehiago jai giroko momentuetan gertatzen direnean».

Hain zuzen ere, azken urteetan lan handia egin da ikastoletan gure jaiak parekideak izan daitezen bultzatzeko, eraso sexistarik ez onartzeko, eta, emango balira, haiei aurre egiteko eta salatzeko. «Horretan sakontzea dagokigu eta sakonduko dugu, uste baitugu hori dela ikastolok gai honetan gizarteari egin diezaiokegun ekarpen garrantzitsua», jakinarazi du Ikastolen elkarteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun