Landa eremuko emakumeen nazioarteko egunerako hainbat ekitaldi Baztanen

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 7a, 07:02

Aldarrikapen egunean, dokumentala eta hitzaldia.

Baztango Udaleko Berdintasun Batzordeak eta Baztango Emakumeen Mundu Martxako taldeak programazio berezia prestatu dute urriaren 15 eta 29rako. Aldarrikapen egun honekin emakumeek landa eremuan eta honen garapenean izan duten eta duten garrantzia azpimarratu nahi da.

Egun honen harira bi ekitaldi antolatu ditu Baztango Udaleko Berdintasun Batzordeak eta Baztango Emakumeen Mundu Martxako taldeak. Batetik, Larre motzean dokumentala ikusteko aukera izanen da urriaren 15ean, arratsaldeko 7etan Elizondoko Arizkunenean. Bertzetik, Brasilgo nekazal borroka eta borroka feminista gertutik ezagutzeko hitzaldia emanen dute Saioa Iraola Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak eta Beatriz Casado Agroekologian adituak, urriaren 29an arratsaldeko 7etan Arizkunenean baita ere.

Larre motzean.
Haurralde fundazioak ekoiztutako dokumental honetan euskal adierazpenaren berreskurapenaren bitartez, emakumeengandik kontatutako eta sentitutako mundu batean sartuko gara. Larre Motzean dokumentalak, euskal emakume askok aitzinean bizitako egoera islatzen du, hau da, «gutxiarekin pasatzera ohituta, gutxirekin konpontzera ohituta» dauden emakumeen bizitza.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun