Nafarroako hegaztien VI. Jardunaldiek segida izanen dute urriko lehen asteburuan

Ttipi-Ttapa 2015eko urriaren 1a

Urdazubiko milurteko haritzari bixita egin zioten hegaztizaleek joan den igandean.

Solasaldiak eta ibilbide gidatuak izanen dituzte Baztanen eta Bertizen

Nafarroako Hegaztien Jardunaldiak antolatu dituzte seigarren urtez, Urdazubiko Udalak, Baztango Udalak eta Navarra al natural eta Baztan Bidasoa Turismoa erakundeek, bertze zenbait laguntzailerekin batera. Joan den asteburuan egin ziren lehen ekitaldiak eta urriko lehen asteburu honetan izanen dute segida.

 

Urriaren 2an, ortziralean 20:00etan “Egur zertifikatua: gure basoen etorkizunari begira” solasaldia eskainiko du Gonzalo Anguitak gazteleraz Elizondoko Arizkunenean.

Urriaren 3an, larunbat goizeko 10:30ean Belateko itzulia eginen dute euskaraz Belateko Benta Erreatik abiatuta. 18:30ean “Aldaketa klimatikoa txorien begietatik” hitzaldia eskainiko du gazteleraz Jose Miguel Viñasek Iruritako Jauregian. 20:00etan “Hegaztiekiko maitasuna” solasaldia eskainiko du gazteleraz Jose Luis Gallegok Iruritako Jauregian.

Akitzeko, urriaren 4an, igande goizeko 10:30ean Bertizko Jaurerriko Natur Parketik ibilbide gidatua eginen dute, Jose Luis Gallego eta Juan Goñiren eskutik.

 

Urdazubin arrakastatsua suertatu zen lehen asteburua

Urdazubin arrakastatsua suertatu zen hegaztien jardunaldiko lehen asteburua. Ortziralean egindako inaugurazioaren ondotik, Kultur Etxe berrian jarritako argazki erakusketa eta “Nómadas del viento” filma ikusteko aukera izan zuten. Larunbat goizean, hegaztiak ez ezik, sorginorratzak eta tximeletak ikusteko aukera izan zuten, Burgosko Hegaztizale gazteen klubak eta Logroñoko Ademar elkarteko kideek gidatuta. Larunbat arratsaldean, “Zuhaitz zaharrak, bizitzarako zuhaitzak” solasaldia eskaini zuen Cesar Javier Palaciosek Kultur Etxean.

Akitzeko, igande goizean Urdazubiko milurteko haritzera ateraldia egin zuten eta Patriia Furlong eta Joaquin Taboadaren musika eta olerkiak aditzeko aukera ere izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun