Arraiozko Hiper Simplyko zuzendaritzak gezurtzat jo ditu LABen salaketak

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 1a, 07:40

Sindikatuaren idatzia errealitatetik oso urruti dagoela eta langilearen kaleratzea bakar-bakarrik lan arrazoiengatik izan zela dio

Arraiozko Nafar Mendi Hiper Simply merkataritza guneko zuzendaritzak LAB sindikatuak egindako idatziari erantzun nahi izan dio. Bertan, enpresak langile bat “arrazoi sindikalengatik” kaleratu zuela aipatzen zen eta hori “erabat gezurra” dela dio zuzendaritzak.

 

Esteban Elorga, Hiper Simplyko gerentearen erranetan, «LABek bere idatzian marrazten duen panoramaren arabera, badirudi joan den mendeko enpresa batean gaudela, tratu txar, mehatxu eta presioekin, baina hori errealitatetik oso oso urruti dago». Kanporatutako langileari dagokionez, «gai zehatza da eta lana ez betetzeari dagokio eta ez du inolako zerikusirik sindikatu bateko edo bertzeko kide izatearekin, gure artean LAB, ELA edo UGT sindikatuko kideak baititugu».

Alde horretatik, Nafar Mendi merkataritza guneko zuzendaritzak dioenez, «guretzat oinarrizko balioak dira langileekin eta bezeroekin dugun harremana eta irudia, eta LABek sinatutako idatziarekin, hamar urrats gibelera egin ditugu, doi-doi hiru aitzinera eginak genituenean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun