Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko proiektua geldiarazteko eskaria ez zuela Baztango alkate bezala egin dio Joseba Otondok

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko ira. 30a, 15:14

Florentino Goñi, Joseba Otondo alkatea, Mikel Ortega eta Juan Cruz Iriarte, agerraldian.

Geroa Baik alkatearen kontra aurkeztutako gaitzespen mozioari erantzunez, errekerimendua Batzar Nagusiko presidente bezala egin zuela jakinarazi dute EHBilduk eta Baztango Ezkerrak

Lekarozko Aroztegiko Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren (UGPS) azken aldian gertatutakoen inguruan solasteko agerraldia egin dute irailaren 30ean Joseba Otondo Baztango alkateak eta EHBildu eta Baztango Ezkerrako udal gobernu taldeko kideek. Proiektua gelditzeko Nafarroako Gobernuari egindako errekerimendua Joseba Otondok Batzar Nagusiko presidente bezala egin zuela aipatu dute eta ez Baztango alkate bezala.

 

Agerraldian aipatu dutenez, Baztango Batzar Nagusiak uztailaren 1eko batzarrean Aroztegiako UGPSa gelditzeko Nafarroako Gobernuari errekerimendua egitea onartu zuen eta Batzar Nagusiko presidenteak, Joseba Otondok, hala egin zuen. Batzar Nagusiaren izenean errekerimendua aurkeztu zuen. Uztailaren 23ko udaleko osoko bilkuran, udalak Aroztegiako PSISa gelditzeko Nafarroako Gobernuari errekerimendurik ez egitea onartu zuen, eta Baztango alkateak Joseba Otondok, hala egin zuen. Udalaren izenean errekerimendurik ez zuen aurkeztu.

Baztan udalerriko antolaketan Nafarroako Toki Erakundeen legeak onartutako hiru erakunde daude: herrietako batzarrak, Batzar Nagusia eta Baztango udala. Herri-lurren edo komunalen gestioa bertze gauzen artean Batzar Nagusiarena da eta Aroztegiako PSISean herri-lurrak daude. 

Udal Gobernu taldeko kideek aipatu dutenez, «udalaren erabakiak, bistan denez, eta edonork ulertzen duenez ez du Batzar Nagusiaren erabakirik baliogabetzen.  Lekarozko herriak ere Aroztegiako UGPSa gelditzeko errekerimendua egitea erabaki eta hala egin zuen eta, doike, edonork ulertzen duenez, udalaren erabakiak hori baliogabetzeko ahalmenik ez zuen».

  

GeroaBairen gaitzespen mozioa

Honela, EHBilduk eta Baztango Ezkerrak ez dute ulertzen Geroa Baik alkatearen kontra aurkeztu eta UPN eta Baztan Auzolanean taldeko zinegotzien bozekin onartutako gaitzespen mozioa eta «jokaldi politiko zikin eta miserablea» dela uste dute. «Urgentziazko mozioaren erabilera horren erakusgarria da. Arratsalderako mozioa Nafarroako egunkarietako erredakzioetan zegoen. Bilatzen zuten gauza bakarra alkatearen gaitzespena zen, zertarako? Ba, hori beraiek argitu beharko dute. Garbi dagoena da Aroztegiako proiektuari ematen ari diren babes ulergaitzaren bertze adibidea dela. Geroa Bai Nafarroako UGPS guztiak birpentsatzeko UGPS horiek gelditzen ari da, baina Aroztegiakoa ez».

Geroa Baik gaitzespen mozioan erraten duena gezurra dela eta alkateak ez duela betetzen ahal ere aipatu dute, «Baztango alkateak ez baitu Nafarroako Gobernuaren aitzinean errekerimendurik aurkeztu». Alkateak osoko bilkuraren erabakiaren kontra jo duenik gezurra dela berretsi ondotik, Geroa Bairi eta mozioa onartu zuten gainerako alderdiei berehala zuzentzeko exigitu diete.

Erlazionatuak

Joseba Otondo-Baztango alkatea

Xorroxin irratia 2015 urr 01 Baztan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun