Irailaren 29an, berriz, Emakumeen Mundu Martxari harrera eginen zaio Elizondoko herri sarreran (Renaulten” bizikletekin eta ondoren ekitaldia eginen dute herriko plazan: bertsolariak, txalaparta, abestiren bat, merendua…
Leitzan ere
Irailaren 29an ere, Leitzan harrera eginen zaio karabana feministari, 13:00etan herriko plazan. 14:00etan bazkaria izanen dute Torrean.
Martxa honekin lotuta, beste ekintzak ere antolatu dituzte Leitzan. Irailaren 22an, “Gure genealogia feministak. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren kronika bat” liburua aurkeztu zuten.
Irailaren 25ean, ostiral arratsaldeko 8etan kontzentrazioa eginen dute Leitzako rotondan, “Espetxeak: sexistak, patriarkalak eta tortura guneak. Apurtu! Euskal Preso eta Iheslariak etxera!” goiburupean.
Urriaren 15ean, berriz, Landa eremuko emakumeen nazioarteko egunaren baitan, “Hazien garrantzia elikadura burujabetzan” hitzaldia eta bideo emanaldia eskainiko dute 19:00etan Atekabeltzen eta ondoren tertulia eginen dute.
Emakumeen Mundu martxa
Emakumeen Mundu Martxa 1995ean “Ogia eta larrosak” izeneko lehen martxa batekin hasi zen mugimendua da, ondoren Emakumeen Mundu Martxa (EMM) izena hartu zuena. Urteetan ekimen hau nazioarte mailan emakumeen arteko aliantzak sortzen aritu da lanean, eta helburu nagusi gisa sare feminista bat sortu eta munduan nagusi den matxismoa ikusaraztea izan du. Hainbat ekimenen artean, bost urtetik behin nazioarte ekimen bat antolatzen da eta iristear daukagun Emakumeen Mundu martxa hau, IV. Nazioarteko Ekintza izango da. Europa osoa zeharkatuko duen ibilbide hau martxoaren 6an Kurdistanen hasi zen eta Euskal Herrian geldialdia egin ondoren urriaren 17an Lisboan bukatuko da. Hilabete hauetan zehar EMMko hainbat kide herrialde ezberdinetan barna ibili dira, sarea sortu eta hainbat aldarrikapen zabaltzen. Baztanen ere lan taldea sortu da eta zenbait ekintza antolatu dira martxa iritsi aurretik eta egun bererako.
Horregatik, Baztango Udalak Emakumeen Mundu Martxari babesa eman eta bere esku dauden baliabideekin berdintasunaren alde lan egiteko eta neurriak hartzeko konpromisoa adierazi nahi du. Bide batez, irailaren 29an Elizondon egin den deialdira gonbidatu nahi ditu baztandar guztiak.