Batetik, ortziral goizeko 10etan Euskaltzaindiak Osoko bilkura eginen du Baztango Balleko Etxean. Joseba Otondo alkateak harrera eginen die euskaltzainei. 13:00etan euskaltzainen bixita jasoko dute Baztan Ikastolako bi egoitzatan. 16:30ean ageriko ekitaldia eginen dute Arizkunenea Kultur Etxean.
Ageriko ekitaldia
Ageriko ekitaldi horren agurra Elena Zabaleta, Baztan Ikastolako lehendakariak eginen du. Ondotik, Mariano Izeta euskaltzain ohorezkoaren jaiotzaren mendeurrenaren oroimenez, zenbait ekintza eginen dira. Hasteko, Dirua galgarri eleberriaren berrargitalpenaren aurkezpena eginen dute. Pascual Rekalde, lanaren paratzailea eta euskaltzain urgazlea izanen da hizlari. Ondotik, Baztan Ikastolako 6. mailako ikasleek Mariano Izetaren kontuak gure ikasgelan azalduko dituzte. Baztan Ikastolako ikasleek eskainiko duten kantuaren ondotik, azken hitzak eginen ditu Andres Urrutia euskaltzainburuak.